ESA laino guztien gainetik

Joan zen udazkenean European Spacial Agency (ESA) erakundeko ministro-kontseiluak bilera egin zuen eta bertan erakundeko arduradunak “Horizon 2000 Plus” izeneko egitaraua aurkeztu zuen. Agintari politikoek onartzekotan, 2006. urtera arte indarrean egongo den Horizon 2000-ren jarraipena izango da. Egitasmoaren aurkezpena ez dator une txarrean.

Badirudi iritzi publikoak, eta berarekin batera politikoek, ahaztu egin dituztela NASA-k hamarkadaren hasierara arte transbordadore espazialekin izan zituen arazoak edota Hubble Space Teleskope-ren (bertan ESA ere partaide zelarik) fabrikazio-akatsa eta horrela, azkenaldian pisu handiagoa lortu dute sona handiko beste lorpen batzuk. Aipatzekoak dira COBE-k Unibertsoaren lehen faseetan ziren ezhomogeneotasunei buruz eskainitako informazioa, tarteka HST-k eskuratzen dizkigun aurkikuntzak (urte hasieran iragarri zituzten galaxiena, adibidez) edota iazko abenduan Galileo zundak Jupiterren atmosferan murgiltzean bidali zigun informazioa (izan ere, zientzilariek espero zuten baino askoz ere ur gutxiago aurkitu zuen).

Iragarpen hori egiteko une egokia dela esan dugu eta zalantzarik gabe, ESA-ko zuzendariak aurkeztutako asmoen onerako suertatu da Alpha proiektuaren inguruan sortu den aldeko giroa. Izan ere, Estatu Batuak, Estatu Independenteen Konfederazioa, Europa, Kanada eta Japoniako agentzia espazialek hurrengo urtearen bukaeran Alpha plataforma espaziala eraikitzen hasteko egiten ari diren lanak direla medio, nazioarteko elkarkidetzak urteetan aurrera ateratzerik izan ez duen proiektua gorpuzten ari dela ikusten da.

NASA erakundeak aurrekontua bete ezin izateagatik, lau aldiz baztertu behar izan da proiektu hori (beste hainbeste izenekin, azkena Freedom). Batzuren ustez aldiz, plataforma espazial batek eskain ditzakeen abantailek ez dute inondik inora justifikatzen inbertsio handi hori; baina nazioarteko proiektu gisa eta desarme-hitzarmenen testuinguruan aztertuz gero, baikorrenek ere arma-industriaren sektorearen birmoldaketarako bidea izan daitekeela uste dute.

Aurrekari horiek kontutan harturik, “Horizon 2000 Plus” egitarauak orain arte landutako ikerketak sakondu egingo du hiru arlo nagusitan: Eguzki-sistema, Eguzki-sistemaz kanpoko Astronomia eta Oinarrizko Fisika.

Eguzki-sistemari dagokionez, proiekturik garrantzitsuena Merkuriorako misioa da, Merkurio bera baita barne-planeten artean ezezagunena. Bestalde, nazioarteko erakude batzuren lankidetzan Martitz, Saturno, Eguzkiaren koroa eta Lurraren magnetosfera aztertzeko egitasmoak ere badira.

Eguzki-sistemaz kanpoko Astronomiari dagokionez, zientzilarien lehen lana atmosferak iragazten dituen espektro elektromagnetikoaren behaketak lortzea izan zen. Urrats hori gaindituta dagoenez, lanak bigarren belaunaldiko behatzaileen diseinura bideratzen dira. Zehatzago, interferometria bidezko astrometriaren garapenera bideratzen dira lanak, HST-ren bereizmena gainditu eta beste izar batzuren inguruko planeten aurkikuntza ahalbidetuko duelakoan. Oinarrizko Fisikaren inguruan berriz, uhin grabitazionalen detekzioa da helburu nagusia.

Jakina denez, espaziuntzietako tresnek ez dute Lurrean ditugun teleskopioen erabilgarritasun-maila eskaintzen eta arazo tekniko eta ekonomikoak direla medio, atmosferaz kanpoko ingurua zientzilariek nahiko luketen mailan satelitez hornitzea ezinezkoa da. Alde horretatik satelite bidezko behaketek Lurretik egiten direnen osagarri izan behar dute, baina zalantzarik gabe, ezinbestekoak dira.

Ea estatu guztiek ESA-rekiko duten konpromezua betetzen duten eta egitasmo berria aurrera ateratzerik dagoen. Hala bedi!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila