Izu-krisiak dituzten pertsonek oinarrizko errezeptore neurokimiko baten eskasia dute, AEBetan egindako ikerketa baten arabera. 5HT1A errezeptorearen defizita lehen aldiz lotu dute gaitz horrekin, baina depresioarekin ere lotu zuten lehenago beste ikerketa batzuek.
Izu-nahastearen sintoma batzuk bat-bateko beldur handia sentitzea, bihotz-taupaden azelerazioa eta bularreko mina dira. Milioika pertsonak pairatzen dute gaitz hori munduan.
Egindako ikerketan, pertsona gaixo eta osasuntsuen garunek irudiak aztertu zituzten, eta gaixoek % 30 5HT1A errezeptore gutxiago zutela ikusi zuten. Beste ikerketa batzuetan, depresioa duten gaixoek % 10 errezeptore gutxiago dutela ikusi dute.
Aurkikuntza honek errezeptore hori markatzaile moduan erabiltzeko aukera ematen du, adituen ustez, eta tratamenduen garapenean garrantzi handia izan dezake. Gainera, izu-nahastea familian transmiti daitekeenez, ikerketa baliagarria izan daiteke gaixoaren senitartekoetatik gaixotzeko arriskua nork duen jakiteko.