Erretzeari utzi arren, biriketako minbizia izateko arriskua handia izaten da. Nonbait, tabakoak biriken zeluletan eragindako kalte genetikoek iraun egiten dute, eta hurrengo zelula-belaunaldian metatu egiten dira kalte horiek.
Biriketako minbiziari aurre hartzeko, gorputzaren lehen alarma-seinaleetan jarri dute arreta ikertzaileek. Seinale horietako bat da gene baten espresioa gutxitu egiten dela, azido erretinoikoaren errezeptorearen genearena, hain zuzen. Texasko Unibertsitateko ikertzaileek, baina, gene horren espresioa areagotzea lortu dute. Horretarako, errezeptore horietara lotzen diren substantzia batekin tratatu dituzte erretzaile ohi batzuk.
Genearen espresioa areagotzearekin bat, minbiziaren beste adierazle batzuk desagertu egiten direla ikusi dute. Beraz, biriketako minbizia izateko arriskua gutxituko duten botikak bilatzeko bide berria ireki dela uste dute ikertzaileek.