Errallako txakurrak iradoki du txakurrak uste zena baino lehenago etxekotu zirela

errallako-txakurrak-iradoki-du-txakurrak-uste-zena
Altunak 1985ean aurkitutako hezurrak frogatu du Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zela. Arg. EHU

Txakurra gizakiek etxekotutako lehenengo animalia izan zen, orain arteko ebidentzia guztien arabera. Are gehiago, gizakiarengandik gertuen egon zena izan zen, gizakiekin lurperatzen baitzuten, jada duela 14.000 urte. Aitzitik, ez dago argi non hasi zen otsoen eta gizakien arteko harreman hori (Txinan, erdiko Asian, Ekialde Hurbilean edo Europan), ezta noiz hasi zen ere. 1985ean Jesus Altunak Errallako kobazuloan (Zestoa) aurkitu eta orain EHUk aztertutako humeroak iradokitzen du otsoak uste zena baino lehenago etxekotu zituztela gizakiek.

Altunak argi zuen humeroak txakur batena izan behar zuela, baina garai hartan ez zegoen baliabiderik hezurra zein kanido-espezieri zegokion identifikatzeko (otsoa, txakurra, azeria, koiotea…). Orain, Conchi de la Rúa EHUko Giza Biologia Ebolutiboko ikertzaileak zuzendutako taldeak aztertu du, eta Canis lupus familiaris etxe-txakurrari dagokiola baieztatu du, analisi morfologiko, erradiometriko eta genetikoak uztartuta. Are gehiago, K.a. 15.460-15.146 urte ingurukoa zela argitu du karbono 14aren bidez. Horren arabera, Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zen eta, horrenbestez, Europako etxe txakur zaharrenetariko bat dela esan daiteke. 

Ikertzaileen arabera, duela 22.000 urteko Azken Izozte Maximoan, eremu Franko-Kantauriarrean izoztetik babestuta egon ziren, eta han areagotu ahal izan zen Paleolitoko ehiztari-biltzaileen interakzioa espezie basatiekin, hala nola otsoarekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila