Deinococcus radiodurans bakterioa ezaguna da erradiazioa oso ongi jasaten duelako. Gai da 10.000 gray-ko erradiazioa jasateko (giza zelula batek ezin du jasan 10 gray baino gehiago); eta, horregatik, ezin aproposagoa da erradiazioaren aurkako babesa ikertzeko.
Erradiazioak DNAri egiten dionez kalte, erradiazioaren aurkako babesa DNAn bertan bilatu dute ikertzaile gehienek. Baina Estatu Batuetako ikertzaile batzuek, Michael Daly buru dutela, ikusi dute proteinetan dagoela gakoa, DNA konpontzeko sistema osatzen duten proteinetan, hain zuzen ere. D. radiodurans bakterioaren konpontze-sistemak eraginkorragoak omen dira gainerako bakterioenak baino.
Ondorio horretara iristeko gakoa manganesoa izan da. Izan ere, ikusi zuten D. radiodurans bakterioak ohi baino 300 aldiz manganeso gehiago duela. Hari horri tiraka, manganesoa oinarri duen konplexu kimiko batera iritsi ziren. Eta ohartu ziren konplexu horrek gaitasuna zuela erradiazioak sortutako erradikal askeak neutralizatzeko.