Ernalketa-teknika arrunt bat zalantzan

Ernalketa-teknika arrunt bat zalantzan
2007/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Hogeita hamabost urtetik gorako emakumeei enbrioia ezarri aurretik, PGS (Preimplantation genetic screening) deituriko testa egiten da askotan: hiru eguneko enbrioiari zelula bat kentzen zaio, eta genetikoki aztertzen da kromosomak normalak diren jakiteko. Enbrioi osasuntsua ezartzen zaio, orduan, emakumeari. Horrela haurdun geratzeko aukera handiagoa zegoela pentsatu izan da orain arte.

Laurehun emakumeri egindako azterketa batek erakutsi du, ordea, PGSa egin duten emakume gutxiago geratu dela haurdun, PGSa egin ez duten emakumeekin alderatuta. Zelula kentzeak enbrioiari kalte egin diezaioke nolabait, eta, ondorioz, behin uteroan dagoenean, enbrioiak garatzeko zailtasun handiagoak dituela pentsatzen dute azterketaren egileek. Bestalde, diotenez, zelula horren kromosomak normalak izateak ez du bermatzen ezarritako enbrioia osasuntsua izatea.

Ikerketaren emaitzak medikuntzako aldizkari ospetsu batean argitaratu dituzte, eta Europako giza ernalketarako erakundearen aurrean aurkeztu zituzten Frantzian egindako batzarrean. Zientzialari guztiak ez daude ados egin den azterketarekin, ordea, eta lortutako emaitzak zalantzan jartzen dituzte.

1
235
2007
10
014
Genetika; Osasuna; Medikuntza
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila