Erlojurik zehatzenak merkurio-atomo bat dauka bihotzean

Erlojurik zehatzenak merkurio-atomo bat dauka bihotzean
2006/09/01 | Elhuyar
Argazkian ikusten den zilindroaren barruan dago merkurio-atomoa.
© Geoffrey Wheeler

Merkurio-atomo baten oszilazioetan oinarritutako erloju esperimental bat aurkeztu dute Estatu Batuetako Teknologia eta Estandarren Institutuan (NIST). Erloju hori horren da zehatza, ezen 400 milioi urtean ez baitu segundo bat irabaziko ez galduko. Erlojuak merkurioaren ioi bat dauka tenperatura hotzean, gelaxka elektromagnetiko baten barruan. Egoera horretan, ioiak argi ikusgaiaren maiztasunean bibratzen du.

Nazioarteko ikertzaileek merkurio-atomoan oinarritutako erlojua eraikitzea adosten badute, erloju horrek zesio-atomoa erabiltzen duten erlojuak ordezkatuko ditu. Zesioaren oszilazioak neurtzen dituzten erlojuek segundo bat galtzen edo irabazten dute 70 milioi urtean. Gainera, zesioaren atomoak mikrouhinen maiztasunean bibratzen du, eta, merkurioaren atomoak, aldiz, argi ikusgaiaren maiztasunean. Merkurioaren atomoak maiztasun handiagoa duenez, oszilazio-denbora unitate gehiagotan bana daiteke, eta, ondorioz, zehaztasuna irabazten da.

Zesio-atomoan oinarritutako erlojua ordezkatzen badu, merkurioaren oszilazioak neurtzen dituen erloju berriak aplikazio ugari izango ditu. Munduko erlojuak kalibratzeaz gain, haren ardura izango da nabigazio- nahiz posizio-sistemak eta sare nahiz satelite bidezko komunikazioak sinkronizatzea. Gainera, Fisikako zenbait konstante denboran zehar aldatzen ote diren ikertzeko balioko du.

1
223
2006
9
023
Teknologia; Telekomunikazioa
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila