Oiartzungo Adur enpresa eraikuntzan duela 5.000 urte erabiltzen zen material bat erabiltzen hasi da eraikinetako fatxadak estaltzeko.Material hau kare naturala da, eta egungo eraikuntzan erabiltzen diren beste materialak baino emaitza hobeak izaten ditu.
Fatxadetako adreiluak estaltzeko gaur egun zementua erabili ohi da, baina sarritan estalduretan pitzadurak eta onddoak agertzen dira, hezetasuna dela eta, zementuak ezin baitu zurgatutako ura kanporatu.
Kare naturala ordea, barrutik kanpora lehortzen da eta, beraz, euriaren eta hezetasunaren isolatzaile ona da. Kare naturala erabiltzeko ideia honi esker Adur enpresak Construmat Kataluniako eraikuntza-arloko ferian produktu hoberenaren saria lortu zuen iragan apirilean. Kare naturala gaur egun Frantziako Saint Astier meategian soilik lor daiteke, baina Alpeetan edo Uraletan horrelako kare-hobi gehiago badirela uste da.