Eragindako hibernazioa

Hibernazioa eragin diete sagu batzuei Washingtongo Unibertsitatean,
Estatu Batuetan. Hidrogeno sulfuro gasaren dosi txikiak denbora askoan hartuta, saguen metabolismoa moteldu egiten da. Ikertzaileen ustez, hibernatze-egoera hori tratamendu medikuetan erabil daiteke gizakiongan eragitea lortzen bada.

Hidrogeno sulfuroa gas toxikoa da dosi handietan, baina ikertzaileek aurkitu dute arnasaren bidez oso dosi txikiak sei orduz hartuz gero hibernazioa eragiten dietela saguei. Alde batetik, gorputzeko tenperatura hogei gradu jaisten da. Bestetik, oso mantso hartzen dute arnasa, hamar arnasaldi minutuko, gutxi gorabehera; ondorioz, oxigeno gutxi kontsumitzen dute.

Hain zuzen ere, oxigeno asko kontsumitu beharra traba izaten da gizakiontzat hainbat tratamendutan, adibidez, bihotzekoa edo beste trauma batzuk gainditzeko garaian. Hibernazioak behar hori gutxi lezake. Bestalde, minbizia erradioterapiaz tratatzean, zelula osasuntsu asko ez hiltzen lagunduko luke, oxigeno-mailaren arabera aldatzen baita teknikaren eraginkortasuna.

Hala eta guztiz ere, horretarako gizakiarengan eragin beharko lukete hibernazioa, albo-ondoriorik izan gabe. Saguetan lortu dute; ez dute albo-ondorio nabarmenik izan aire garbia arnastuta egoera arruntera itzuli direnean. Oraingoz, hurrengo urratsa ugaztun handiagoekin saiatzea da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila