Texasko A&M Unibertsitateko zientzialarien esanean, gizakien hesteetako Escherichia coli bakterioek ingurugiroan dauden gai kimikoak detektatzeko, sendagaiak toki zehatzetara eramateko edo turbina ñimiñoen gisa erabiltzeko balio dezakete. Gai kimikoak detektatu eta janaria lortzeko, E. coli bakterioak biosentsore moduko bat du.
Egindako ikerketen arabera, ordea, bakterioari proteina bat gehituz gero sentsorearen jokabidea alda daiteke. Sistema horri esker, E. coli bakterioaren errezeptoreak edozein molekula kimiko ezagutzeko gai izan dadin lortu ahal da. Bestalde, bakterioak leku jakin batera zama garraiatzeko, ostera, arazo handi bat gainditu behar da: zama nola ezarri.
Egin diren ikerketen arabera, irtenbideetako bat bakteriofagoak erabiltzea da. Azkenik, bakterioak nanofluxuetan ere erabilgarriak izan daitezke. Hodiak oso txikiak direnez, fluxua bultzatzeko erabiltzen diren ponpak askotan kalteak eragiten dituzte, presio handiegia sortzen dutelako. Hori eragozteko, turbina moduan E. coli-aren flageloaren motor elektrikoa (flageloa propultsatzen duena) erabiltzea proposatu dute ikertzaileek.