Energia handiko neutrinoen lehen iturria aurkitu dute: blazar bat

Izpi kosmikoen iturri ere izan liteke blazar hori, ezagutzen dugun lehena

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

energia-handiko-neutrinoen-lehen-iturria-aurkitu-d
Arg. IceCube/NSF

Energia handiko neutrinoen iturri bat aurkitu dute, 3.700 milioi argi-urtera dagoen galaxia batean. Eta litekeena da izpi kosmikoen iturri ere izatea. Izan ere, izpi kosmikoak duela ehun urte aurkitu baziren ere, ez dakigu zein den haien jatorria, baina uste da energia handiko neutrinoak sortzen diren prozesu beretan sor litezkeela.

2017ko irailaren 22an Hego Poloan dagoen IceCube behatokian energia handiko neutrino bat detektatu zuten, eta blazar ezagun batetik etor zitekeela ikusi zuten. Berehala pasa zieten abisua mundu osoko hainbat teleskopiori, eta hainbat luzeratako uhin elektromagnetikotan ere jaso zuten blazar hartatik zetorren erradiazioa (gamma izpietatik, irrati-uhinetara). Datu guztien arabera, aukera handia zegoen neutrino haien iturria TXS 0506+056 blazarra izateko.

Blazarretik ateratzen den energia-zurrusta zuzen-zuzen Lurrerantz zuzenduta dago. Zurrusta horretan doaz energia handiko neutrinoak, gamma-izpiak eta bestea hainbat erradiazio-mota, eta, teorian, baita izpi kosmikoak ere. Arg. IceCube/NASA

Blazar deitzen zaio quasar bati, energia-zurrusta Lurrerantz zuzenduta duenean. Alegia, energia oso handiko galaxia-nukleo bat da, non erdiko zulo beltz supermasibora materiala erortzean energia-zurrusta bat ateratzen den, zuzen-zuzen Lurrerantz zuzenduta. Bada, zurrusta horretan etorritako neutrinoak detektatu dituzte IceCuben. Gainera, hori ikusitakoan, azken urteetan IceCuben detektatu diren neutrinoak errepasatu, eta konturatu dira 2014an eta 2015ean beste dozena bat iritsi zirela iturri beretik. Aurkikuntza Science aldizkarian argitaratu dute, bi artikulutan (1,2).

Eta, zeharka bada ere, litekeena da izpi kosmikoen lehen iturria aurkitu izana. Izan ere, teorikoki energia handiko neutrinoak sortzen diren prozesuetan izpi kosmikoak ere sortuko lirateke. Baina, izpi kosmikoen arazoa da partikula kargadunak direla, eta, ondorioz, unibertsoko eremu magnetikoek desbideratu egiten dituztela. Beraz, ezinezkoa da iristen zaizkigun izpi kosmikoak nondik datozen jakitea. Neutrinoekin, ordea, kontrakoa gertatzen da, ez dute kargarik, eta ez dute gainerako materiarekin ia elkarrekintzarik. Ia materia guztia zeharkatzen dutenez (segundoero milaka milioik zeharkatzen gaituzte), eta eremu magnetikoek eragiten ez dienez, zuzen-zuzen bidaia dezakete milioika argi-urtetan. Neutrinoen arazoa da, hain zuzen, materiarekin hain elkarrekintza gutxi dutenez, oso zailak dira detektatzeko.

IceCube izotzean sartuta dagoen 5.000 argi-sentsorez osatutako kilometro karratu bateko sare bat da, neutrino batek izotzeko atomo batekin talka egitean igortzen den argia detektatzeko gai dena. Oso gutxi detektatzen dira, eta gehienak energia txikikoak dira, adibidez, izpi kosmikoek atmosfera jotzean sortzen direnak. Iazko irailaren 22an, blazar batetik zetozen energia handiko milioika neutrinok zeharkatuko zuten IceCube; bat detektatu zuen. Ez da gutxi.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group