Eskandinaviako autobusak, balaztatzean galtzen den energia aurreratzeko sistema bat frogatzen hastear daude. Energia hori autobusa berrabiatzeko erabiliko da. Volvo automobil-etxea 20 autobus Cumulo izeneko trenaz hornitzen ari da eta Suediako zenbait hiritako garraio publikoan probatuko dituzte.
Volvo etxearen sail aeroespaziala 10 urtez aritu da Cumulo transmisio-sistema hidraulikoa garatzen. Gelditzerakoan sistemak transmisio-ardatzetik energia pilatzen du. Autobusa berrabiatzen denean sistemak energia itzultzen dio transmisio-ardatzari.
Autobusa bidaiariz beteta dagoenean 45 km/h-ko abiaduraz badoa eta balaztatzen badu, metatzen duen energia nahikoa da autobusak diesel motorea lanean berriro hasi baino lehen 35 km/h-ko abiadura har dezan. Cumulo sistema edozein autobusi erants dakioke eta erregai-kontsumoa eta poluzioa asko murrizten ditu.
Autobusa abiadura konstantez dabilenean, Cumulo deskonektaturik dago, baina gidariak balazta ukitzen duenean kontrol elektroniko batek transmisio-ardatzari lotzen dio. Une horretan enbrage batek horztun gurpil handi bat transmisio-ardatzari lotzen dio. Gurpil honek ponpa bati eragiten dio beste gurpil horztun txikiago baten bidez. Ponpak fluido hidrauliko bat bultzatzen du ontzi batetik metaketa-ontzi batera.
Metatze-ontziak gas bat du presiopean. Fluido hidraulikoak gasa konprimatzen duen pistoi bati eragiten dio. Gasak 20-30 milioi pascaleko presioa hartzen du metaketa-ontziaren barnean.
Txoferrak azeleradoreari eragiten dionean, pistoiak atzera egiten du fluidoa atzerantz bultzatuz eta honek horztun gurpilei eta transmisio-ardatzari eragiten die. Kontrol elektronikoak enbragea lasaitu eta diesel motorea lanean hasten da.
Transmisio-sistema honek balazta hidrauliko moduan lan egiten du autobusak aldatz behera doala balaztatzen duenean.
Volvo etxearen arabera, errregai kontsumoa %30 murriz daiteke.