Enbrioietatik erauzitako zelula amak oso erabilgarriak izan daitezke medikuntza terapeutikoan. Horregatik, ikerketa egiteko, urtetan iraunarazi behar izaten diete bizirik zientzialariek laborategian. Zahartu egiten dira. Johns Hopkins Unibertsitatean, Estatu Batuetan, zahartze hori ikertu dute, munduko hainbat tokitako taldeek eskainitako zelulekin. Oro har, zenbat eta denbora gehiago izan gordeta, orduan eta aldaketa genetiko gehiago izaten dituzte: mutazioak, metilazioak, geneen bikoizteak eta beste hainbat. Zientzialariek oraindik ez dakite zer ondorio dituzten aldaketa horiek zelula amen funtzionamenduan.