Enbrioiaren lehenengo zatiketa

Gorputzeko zelula guztiek informazio genetiko bera duten arren, espezializatu egiten dira eta bakoitzak dagozkion funtzioak baino ez ditu betetzen. Enbrioiaren zelulak, ordea, totipotenteak dira eta gorputzeko edozein zelula garatzeko ahalmena daukate.

Hala ere, enbrioian zelula bakoitzaren xedea uste zena baino azkarrago erabakitzen dela ikusi da hainbat ikertzailek saguekin egindako ikerketan. Saguaren enbrioiak bi zelula baino ez zituenean, kolore desberdineko zunda fluoreszenteaz markatu zituzten horiek Oxford-eko Unibertsitateko Richard Gardnerrek eta bere lankideek, zelula bakoitzak gorputzaren zein atal eratuko dituen jakiteko. Ikusitakoaren arabera, bide guztiz desberdina jarraitzen dute.

Batak enbrioiaren gorputza izango dena eratzen du, hala nola, hezur, nerbio eta odoleko zelulak; besteak, ordea, enbrioia elikatuko duen aldea eratzen du, karenaren atal bat. Hala ere, hasiera-hasierako urratsenbatean zelularen bat kaltetuko balitz, enbrioiaren beste zelula batek ordezkatuko luke, oraindik ere totipotenteak baitira.

Zeluletan totipotentzia eragiten duten seinale molekularrak identifikatuko bagenitu, zelula eta ehun zaharragoak eraldatzea lortuko genuke, eta horrek kaltetutako organoak sendatzeko aukera emango luke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila