Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Kirurgia Plastikoa, Konpontzailea eta Estetikoa Saileko espezialistek egindako ikerketa batean frogatu dute emakumezkoen garuna gizonezkoena baino hobeki berregokitzen eta suspertzen dela aurpegiko paralisia izan ondotik. Ikusi dutenez, tratamendu kirurgikoa egindakoan, hau da, gihar-transplantea eta nerbio-transposizioa egindakoan (aurpegiko giharra kaltetutako aurpegiko nerbioa ez den beste batekin lotzea), berezko irribarrea berreskuratzen dute emakumezkoek, gizonezkoek ez bezala, eta, gainera, denbora gehiago iraganda ere mugimendua berreskura dezakete.
2000. urtean hasita, aurpegiko paralisia zuten bi sexuetako 114 pazienterekin egin dute lana, eta Plastic and Reconstructive Surgery nazioarteko aldizkari espezializatuan argitaratuko dituzte emaitzak aurki.
Aurpegiko paralisien tratamendu kirurgiko gisa, aurpegiko nerbio maseteroari konektatutako giharrak transplantatu zizkieten pazienteei, besteak beste. Nerbio maseteroak muskulu maseteroa inerbatzen du, mastekatzeaz arduratzen den giharra, antzekoak baitira ahoa ixteko mugimendua eta irribarre egitekoa.
Bernardo Hontanilla saileko zuzendariak azaldu du desberdintasunak ikusi zituztela emakumezkoen eta gizonezkoen artean tratamenduaren ondoren: "Emakumezkoen kasuan, ikusi genuen garuna gai zela nerbio horren funtzioa aldatzeko, eta, mastekatzeko ez ezik, pentsatu gabe irribarre egiteko erabil zezaketela. Hau da, gai ziren irribarrearen eta mastekatzearen mugimenduak bereizteko. Gizonezkoek, berriz, ahoa ixteko mugimendua egitean egiten dute irribarre, mastekatzean egiten den mugimendu hori egitean. Hala, pentsatuta bakarrik egin dezakete irribarre".
Pazienteek aurpegiko paralisitik berreskuratzeko zenbat denbora duten ere desberdina da generoaren arabera. Espezialistak adierazi duenez, denbora beti mugatua da aurpegiko paralisia izan ondotik muskuluak kaltetutako nerbioa ez den besteren batekin lotzea eraginkorra izateko. "Bibliografian esaten dute paralisia gertatu denetik bi urte baino gehiago pasatuz gero, nahitaez muskulua txertatu behar dela aurpegian, nerbioaz gain. Guk, ordea, ikusi genuen emakumezkoek aurpegiko mugimendua berreskuratzen zutela, baita bost urte pasatuta ere, eta nerbio-lotura bakarrik eginda. Gizonezkoetan, berriz, bibliografian aipatutakoa betetzen zen", azaldu du doktoreak.
Espezialistek ez dakite zer dela-eta duten emakumezkoek garun-plastikotasun handiagoa, ezta zergatik duten denbora gehiago paralisitik suspertu ahal izateko. Ari dira, dena den, zergatien bila. "Erresonantzia magnetiko bidez ari gara aztertzen aurpegiko paralisia izandako pazienteak; garunaren jarduera neurtzen ari gara, behatu dugun plastikotasuna erresonantzia bidez irudikatzeko", dio Hontanillak. Suspertzeko denborari dagokionez, "litekeena da inguruko hormonek eragina izatea --azaldu du espezialistak--. Animaliekin egindako esperimentuetan ikusi da inguruko hormonek nerbioen ontzean eragiten dutela. Beraz, horrekin lotuta egon liteke gizonezkoetan eta emakumezkoetan behatutako desberdintasuna".