Emakumeentzat zailagoa da minbizia prebenitzea, garaiz detektatzea eta ongi artatuak izatea

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

emakumeentzat-zailagoa-da-minbizia-prebenitzea-gar
Arg. Parentingupstream / Pixabay

Genero-arrakalak zuzenean eragiten du emakumeek minbizia izateko arrisku-faktoreak saihesteko aukeretan eta oztopatu egiten du diagnosi egokia eta kalitatezko arreta izatea. Ondorio hori atera du The Lancet aldizkariak gaia aztertzeko osatu duen batzorde batek. “Women, power, and cancer: A Lancet Commision” txostenean jaso dute azterketa hori.

Munduko herrialde gehienetan, emakumeetan heriotza goiztiarraren lehen hiru kausatako bat minbizia da. The Lancet-eko batzordearen txostenarekin batera argitaratu duten ikerketa batek erakutsi duenez, 2020an 70 urtetik beherako 2,3 milioi emakume hil ziren minbiziarekin, eta heriotza horietatik 1,5 milioi saihesgarriak ziren, arrisku-faktoreak ezabatuta edo diagnostiko goiztiarrekin. Eta beste 800.000 heriotza ere saihestu zitezkeen, arreta optimoa jaso izan balute.

Bestalde, batzordeak argitu du emakumeez eta minbiziaz aritzean fokua “emakumeen minbizietan” jartzen bada ere (bularreko edo umetokiko minbizia, esaterako), 70 urtetik beherako emakumeetan minbiziak eragindako heriotzen hiru lehen kausetatik bi biriketako minbizia eta kolon eta ondestekoa direla.

Testuinguru horretan, txostenak garbi erakusten du gizartean dagoen genero-ezberdintasunaren eraginez emakumeek gizonezkoek baino aukera gehiago dituztela arrisku-faktoreen eraginpean egoteko, eta, aldiz, aukera gutxiago beharrezko osasun-informazioa eta kalitateko osasun-zerbitzuak eskuratzeko eta minbiziarekin lotutako erronka ekonomikoei aurre egiteko.

Bestalde, gaixoetan duen eraginaz gain, genero-desberdintasunaren bestelako ondorio batzuk ere azpimarratu dituzte; esaterako, minbizia duten gaixoen ordaindu gabeko zaintzan emakumeak aritzen direla, batez ere; edo minbiziaren inguruko ikerketan eta politiketan parte hartzen duten liderren gehiengoa gizonezkoak direla.

Hala, batzordeak aldarrikatu du minbizia lehentasun gisa hartu beharra dagoela emakumeen osasunean, eta ezinbestekoa dela ikuspegi feminista bat txertatzea minbiziaren inguruko politiketan eta jarraibideetan, emakume guztien beharrak aintzat har daitezen, izan pazienteak, zaintzaileak edo ikertzaileak.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila