Mundu osoko 63 talde ehiztari-biltzaileren azken ehun urteko datuak aztertuta, ondorioztatu dute emakumeek ere ehizatzen zutela. PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute azterketa, irekian, eta argi utzi dute gizon ehiztariaren mitoa okerra dela.
Aurrez, ikerketa arkeologikoetan ere ikusi izan dute hainbat kulturatan emakumeek janaria lortzeko era guztietako jardueretan parte hartzen zutela. Oraingo ikerketan, azken ehun urteetako ehizari buruzko bibliografia aztertu dute, eta frogatu dute talde ehiztari-biltzaile gehienetan (zehazki, 50 taldetan) emakumeek eta gizonek ehizatzen zutela. Are gehiago, emakumeek gizonek baino estrategia eta arma-mota gehiago erabiltzen zituzten, eta irakaskuntzan ere parte hartzen zuten.
Emakume ehiztariei buruzko beste xehetasun batzuk ere eman dituzte. Adibidez, normalean, ez zuten aukera sortzen zitzainean edo harrapakina eskura zutenean bakarrik ehizatzen; berariaz ere joaten ziren ehizatzera, batez ere, ehiza larria. Batzuetan, haurrak ere eramaten zituzten, baita txakurrak ere.
Egileen esanean, ikerketaren emaitzak lagungarriak dira gizarte haien generoaren araberako rol-banaketari buruzko pertzepzio okerrak alboratzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia