Elgorriaren birusa K.a. lehen milurtekoan agertu zela kalkulatu dute, garai desberdinetako birusen genomak aztertuta. Uste zena bainoa askoz lehenago litzateke hori, eta bat egiten du Eurasian eta Asiako hegoaldean eta ekialdean asentamendu handiak sortu ziren garaiarekin. Science aldizkarian eman dute ikerketaren berri.
Uste da behi-izurriaren birus jada desagertua gizakietara pasa zenean sortu zela elgorriaren birusa. Eta jotzen zen IX. mendearen amaieran gertatu zela, nahiz eta nahiko eztabaidatua izan den data hori. Orain, birusaren jatorria argitu nahian, lehenik 1912ko elgorri-kasu batean jasotako birika-lagin batetik birusaren genoma berreraiki dute ikertzaileek. Eta, ondoren, konparatu dituzte 1912ko genoma hori, 1960ko beste bat, gaur egungo 127, behi-izurriaren birusaren genomak eta PPRV izeneko behien beste birus batenak. Hala, kalkulatu dute K.a. 1.174. eta K.o. 165. urteen artean agertu zela elgorria. Ikertzaileek uste dute behien birusaren arbaso bat milaka urtez egon zela abereetan, eta K.a. lehen milurtekoan egin zuela jauzi gizakietara, asentamenduak handitzen hasi ziren garaian, hain zuzen ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia