Munduan lehen aldiz kobrezko gainazal batean zimur txikiak, baina oso erregularrak, zuzenean ikusi ahal izan dituzte Kaliforniako San Jose hirian IBM etxeak duen ikerketa zentruan. Elektroien desplazamenduek eragindako zimurrak dira, hain zuzen.
Edozein partikulak bezala, elektroiek uhin gisa edo partikula gisa joka dezakete. Dualitate hau da fisika kuantikoaren oinarrietako bat. Mikroskopio elektronikoan, adibidez, elektroien uhin-alderdia aprobetxatzen da. Goiko irudian ere alderdi hau da ikusgarri bihurtu dena.
Uhinak direnez, elektroiak ozeanoko olatuak bezalaxe desplazatzen dira eta kristalaren gainazaleko gora-beheretan kokaturik daude. Fisikariek uhin geldikor deitzen dituztenak dira eta horiek ikusi ahal izan dituzte IBM-ko ikerlariek “tunel-efektuzko” mikroskopioz.
Uhin hauen espazioko periodikotasuna (ondoz ondoko bi uhinen gailurren arteko distantzia edo uhin-luzera, 15 ångströmgoa da (15.10-10 m-koa). Oinarrizko fenomeno fisiko honen irudi ikusgarria eta gainazalak ulertzeko urrats handia da inola ere.