1957. urtean Neumann kirurgilari amerikarrak pertsonaren azalazpian silikonazko baloitxo bat ipini zuen. Baloitxoa tutu baten bidez kanpotik puztu egiten zen, eta aste batzuetan puzten arituta, kaltetutako belarria sendatzeko adina azal lortu zuen. Izan ere, azalari tira egiten bazaio, azkenean luzatu egiten da.
Adituek "ehunen zabalkuntza" esaten diote fenomeno horri, baina herri primitibotan mendetan baliatu izan dira fenomeno horretaz. Afrikan adibidez tribu batzuetan beheko ezpaina ikaragarri hazten zaie bertan gero eta pieza handiagoak ipinita. Zenbait emakumeri berriz, lepoa itxuragabe luzatzen zaio letoizko uztaiak ipinita. Gure zibilizaioan bertan, belarritako astunegiak erabilita belarri-gaingaila luzatutako kasuak ezagutu ditugu.
Dena dela, Neumannen teknika 60.eko hamarkadaren erdi aldera bazterturik gelditu zen, berriki Radovan doktore amerikarrak hariari heldu eta modan jarri duen arte.
1980.eko urte-amaieran ehunen zabalkuntzaz nazioarteko bigarren ihardunaldiak burutu ziren, bertan 21 estatuko 250 aditu egon zirelarik.
Ehunen zabalkuntzarena oso teknika egokia da istripu edo tumoreengatik azala hondatutakoan erabiltzeko. Bularraldea osatzen emaitza bikainak lortu dira behintzat horrela. Gainera txertoen beharrik ez dago eta azala kolorez eta egituraz berdina da konpondutako lekuan eta inguruan. Ureter eta bagina osatzeko ere teknika hau laster erabiltzekotan dira.
Tratamenduak oraingoz luze samarrak dirudi, baina laburragoa izango denaren itxaropenak dauzkate Marseillako Conception ospitalean; bertan mikroponpa berezi bat ikertzen ari bait dira.