Estatu Batuetako Energi Sailak 39 milioi dolar erabiliko ditu eguzkitiko energia lortzeko sistemak garatzearren. Energi mota honetako zentralak ez dira ugaldu 1988. urtean Kalifornian Barston-go 10 MW-eko zentrala gelditu zenez gero. Zentral horrek ispiluen sistema erabiltzen zuen argi-izpiak kontzentratu eta ura berotuta lurrina lortzeko. Baina argi-fluxua oso irregularra zen eta energiaren produkzioari ezin zitzaion konstante eutsi.
Solar Two izeneko proiektu berria funtsean lehengoa bezalakoa da, baina ura erabili beharrean, 565 °C-raino berotutako nitrato gatzen disoluzioa erabiliko da. Horrela energia metatu egingo da eta turbosorgailuetara lurrin-fluxu konstantea joango da. Nitrato gatzen disoluzioak duen portaera Albuquerque-ko (Mexiko Berriko) Sandia laborategi nazionalean aztertu dute 30 milioi dolarreko ikerketa-programa bati esker.
Kaliforniako Edison sozietateak eta beste hamar kide industrialek 19,5 milioi dolar bildu dituzte Solar Two zentrala hurrengo udan eraikitzen hasteko asmotan. 100 MW-eko potentzia izango du eta 1996. urtean martxan hasiko dela espero da.