Beroa kanporatzeaz gain eguzkiaren erradiazioa ia erabat islatzen duen material berri bat sortu dute Stanford Unibertsitateko ingeniariek. Materialak ez du energia beharrik horretarako, eta eraginkorra izan liteke erakinak hozteko. Naturen aurkeztu duten prototipoa gai da inguruko tenperatura baino 5 ºC gutxiagora hozteko.
Material berria diseinatu dute erradiazio infragorriaren frekuentzia jakin batean igortzeko beroa. Izan ere, frekuentzia horretan inguruko airea berotu gabe zeharkatzen du atmosfera, eta beroa zuzenean espaziora ateratzen da. Materialaren egituragatik lortzen da hori. Lodiera desberdineko silize dioxidozko eta hafnio oxidozko zazpi geruza ditu zilarrezko geruza fin baten gainean. Eta guztira 1,8 µm baino ez ditu.
Baina beroa kanporatzea ez da dena. Orain arte, gisa honetako erradiadore pasiboak gauez bakarrik ziren eraginkorrak, egunez ez baitziren gai eguzkitiko beroari aurre egiteko. Material berri hau, ordea, erradiadore izateaz gain, ispilu oso eraginkorra ere bada, aldi berean. Eguzki-erradiazioaren % 97a islatzen du. Hala, frogatu dute eguzkitan egon arren, ondo hozten duela.
Dena den, erakinak hozteko baliagarri izateko badira oraindik gainditu beharreko erronkak; esaterako, erakinaren beroa nola bideratu teilatu gainean egongo liratekeen erradiadoreetara. Materiala eskala handian ekoiztea izan liteke beste erronka bat, nahiz eta ikertzaileek ez duten arazo handirik ikusten horretarako.