Genero honen barruan espezierik adierazgarriena da, dudarik gabe, oraingo honetan aztergai dugun betibizi horia. 20 espezie inguru ezagutzen dira. Hauetariko 3 Euskal Herrian daude, bat jatorriz Afrikakoa izanik ( H. orbiculare izenekoa).
Betibizi horia belarki edo mulua da, zurezko zurtoinak dituena. 0,5 metroko altuera izan dezake, tentea edo dekurrentea da eta hostoak igurtziz gero oso aromatikoa. Hauek ertzean errebolutuak, tomentu zuriz estaliak eta “estuak” izaten dira. Lorea, 5-15 kapituluz osaturiko infloreszentzia izaten da; hori bizi eta distiratsua. Landare honen izenak adierazten duenez, oso nekez zimeltzen da. Normalean, oboidea eta ilegabea da, eta zenbaitetan oinean ilea du. Maiatzetik abuztura bitartean loratzen da.
Fruitua (akenioa) berriz, arre iluna izaten da; batzuetan guruin zuri ugariz hornitua eta normalean distiratsua.
Landare hau isurialde mediterranean eta Europako mendebaldean dago banatuta; batez ere, artadi, abarizti eta erkameztien ordezko sastrakadietan zein harritza, duna eta hareatzetan. Oro har, zona lehor eta harritsuetan bizi da. Beraz, Euskal Herriko zona askotan banaturik dago, 0-900 metro bitarteko altitudeetan.
Betibizi horia, “iraunkortasunaren” eta “leialtasunaren” adierazletzat hartu izan da eta bere loreekin koroak egin izan dira. Sendabelar gisa ere erabili da, antiseptiko eta desinfektatzaile modura gargarismoak egiteko. Halaber igurtziz belarriko mina sendatzeko. Loreak diuretiko eta febrifugoak direla diote.
Familia: konposatuak |