Eguzkian hidrogeno-atomoak etengabe fusionatzen dira helioa sortzeko. Baina, zenbait kasutan, karbono-atomoen parte-hartzea ezinbestekoa da hori gertatzeko.
(Argazkia: NASA).Fusio-mota horri CNO zikloa deritzo. Orain, nazioarteko fisikari-talde batek prozesu horren proportzioa kalkulatu du: asko jota, erreakzioan % 7 izaten da karbonoaren presentzia.
Eguzkiaren Eredu Estandarraren arabera, fusio-energiaren % 1,5 besterik ez da CNO zikloan sortzen. Baina hori teoria da eta ez da inoiz egiaztatu ahal izan, ez baita izan erremintarik eskura. Ikertzaileek bazekiten neutrinoetan egon zitekeela gakoa, fusio erreakzio batean edo bestean sortutako neutrinoen energia desberdina baita. Baina egungo detektagailuak ez dira neurketa hori zehatz-mehatz egiteko gai eta, gainera,
Eguzkitik irteten diren neutrino batzuk eraldatu egiten dira Lurrerako bidean. Horregatik, oraingoz gehienezko estimazio bat besterik ez dute egin. Metodologia guztiz berria garatu ezean, iragarpen teorikoa ezingo dela egiaztatu esan dute.