Eguzkia ez den beste izar baten eremu magnetikoa behatu dute lehen aldiz

Eguzkia ez den beste izar baten eremu magnetikoa behatu dute lehen aldiz
2010/03/01 | Elhuyar
Algol izar-sistemaren eta eremu magnetikoaren irudi artistikoa. Arg.: Peterson et al., NRAO/AUI/NSF.

Eguzkia ez den izar baten eremu magnetikoaren irudiak argitaratu ditu Nature aldizkariak. Orain arte, astronomoek zeharkako zantzuei esker baino ez zekiten beste izar batzuek ere bazutela eremu magnetikoa. Azkenean, Iowako Unibertsitateko astronomo Bill Petersonek eta bere taldeak lortu dituzte zuzeneko irudiak. "Sekulako lorpena da", Science-ren webgunearen arabera.

Astronomoek irudietan jasotako eremu magnetikoa Algol sistemaren izarretako batek sortzen du. Sistema 93 argi-urtera dago, eta bi izarrek osatzen dute. Baten masa Eguzkiarenaren halako hiru da, eta, bestearena, Eguzkiarena baino pixka bat txikiagoa. Izarrak oso-oso hurbil daude elkarrengandik: 9 milioi kilometro. Izar txikiena da eremu magnetikoaren eragilea, eta eremua Eguzkiarena baino 1.000 aldiz handiagoa bada ere, bi teleskopio-sare eta bi irrati-teleskopio behar izan dituzte eremu magnetikoak sortzen dituen seinaleak jasotzeko.

Irudiak aztertuta, astronomoek ikusi dute eremu magnetiko horrek begizta erraldoi baten itxura duela, eta beste izarraren ipar eta hego poloetaraino hedatzen dela. Sei hilabetez behatu dute, eta denbora horretan guztian ez da aldatu. Horretan ez du Eguzkiaren antzik, haren eremu magnetikoa bat-batean hazi eta txikitu egiten baita. Biak alderatuz izarren eremu magnetikoak hobeto ezagutzea espero dute astronomoek, eta, hala, eguzki-ekaitz magnetikoak aurrikusteko gai izatea, adibidez.

1
262
2010
3
007
Astrofisika; Fisika
Albisteak
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila