Eguzki-sistema exotikoa: eraztunak asteroide baten inguruan eta gorputz berri bat Oorten lainoan

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Eguzki-sistemako bi aurkikuntzaren berri eman du gaur Nature aldizkariak, artikulu banatan. Lehenengo protagonista Kariklo objektua da; izan ere, inguruan eraztunak dituela detektatu dute Brasilgo MCTI behatokiko astronomoek. Orain arte, Eguzki-sistemako planeta erraldoietan bakarrik detektatu dira eraztunak. Bigarren protagonista Eguzki-sistemaren mugetan detektatu dute Estatu Batuetako Gemini behatokiko astronomoek, barnealdeko Oorten lainoan: 2012 VP113 izena du, eta duela hamar urte eremu hartan detektatutako Sedna planeta nanoaren parekoa da. Aurkikuntzak adieraziko luke Sedna ez dela bere gisako gorputz bakarra eremu horretan.
eguzki-sistema-exotikoa-eraztunak-asteroide-bate
Chariklo zentauroaren eta haren eraztunen ilustrazio bat. Arg. Lucie Marquet

Asteroide eraztunduna

Zentauroen taldeko gorputz handiena da Kariklo (124 km-ko erradioa du), eta 1997an detektatu zuten lehenengoz (Jupiter eta Neptuno artean dauden objektu txikiei deritze zentauro; asteroideak diruditen arren, kometa gisa ere jokatzen dute askok). Harrez gero egin zaion jarraipenean, datu “arraro” batzuk detektatu dituzte astronomoek, eta, orain, badute emaitza arraro horien azalpena: Kariklok eraztunak ditu inguruan.

Aurkikuntza 2013ko ekainaren 3an egindako behaketa batzuen emaitza da. Egun hartan Kariklo izar baten aurretik igarotzekoa zen, eta Brasilgo MCTI behatokiko astronomoek teleskopio andana zuten prest ezkutatzea ikusi ahal izango zen Hego Amerikako 1.500 km-ko eremuan barrena. Ezkutatzea ohiko behaketa-teknika da astronomoentzat. Objektuak ezkutatutako izarraren argian gertatzen diren aldaketak neurtuta, objektuari buruzko informazioa lortzen dute astronomoek. Kasu honetan, Karikloren tamaina fintzea eta itxura zehaztea ziren behaketaren helburua, baina Kariklok sorpresa bat zuen astronomoentzat.

Ezkutatzearen emaitzek agerian utzi dute Kariklok dentsitate handiko bi eraztun dituela inguruan: bata 7 km-ko zabalerakoa 391 km-ra, eta bestea 3 km-ko zabalerakoa 405 km-ra. Eraztunen hipotesiak ezin hobe egiten du bat bai ezkutatzean behatutakoarekin, bai eta Karikloren seinaleetan detektatutako anomaliekin ere. Izan ere, 1997 eta 2008 artean, objektuaren distira apaldu egin zen gradualki, eta, izotzaren seinalea ahuldu; 2008tik, berriz, kontrakoa ari zen gertatzen. Eraztunek ondo azaltzen dute zergatik ikusten zen hori Lurretik, Kariklo sistemaren eta Lurraren arteko posizio/orientazio erlatiboak aldatu ahala.

Astronomoek ez dakite oraindik nola sortu zen halako eraztunen sistema ñimiño bat. Cornell Unibertsitateko Joseph A. Burn astronomoaren esanean, “Karikloren grabitate-indar erlatiboki txikia aintzat hartuta, ez dirudi oso probablea objektuarekin batera sortu izana eraztunak. Seguru aski, gure Ilargia sortu zuen talka katastrofikoaren pareko gertaera batek sortuko zituen eraztun horiek ere”, idatzi du Nature aldizkarian bertan argitaratutako artikulu batean. Baina ez da aukera bakarra.

“Karikloren inguruan eraztunak detektatzeak zur eta lur utziko ditu planetei buruzko ikertzaile asko —bukatzen du artikulua—. Baina halakoak izan da beti planeten esplorazioa: ideia teorikoetatik gutxitan etorri dira aurkikuntzak eman dituzten bilaketak; alderantziz, halako aurkikuntzak izan ohi dira jakintza berrietarako bidea”

Kide bat Sednarentzat

Karikloren eraztunekin batera, Eguzki-sistemako beste objektu baten berri ere eman du gaur Naturek. 2012 VP113 izena du, 450 kilometroko diametroa du, eta, Sednarekin batera, Eguzkiaren inguruan orbitatzen du oso urruti: Eguzkia eta Lurraren arteko distantzia halako 80ra hurbiltzen zaio Eguzkiari gehienez 2012 VP113; Sedna, berriz distantzia hori halako 76ra.

2012 VP113 objektuaren mugimendua, puntu gorriaren, urdinaren eta bredearen bidez adierazia. Bi orduko aldearekin hartutako hiru argazki daude gainjarrita. Arg. Scott S. Sheppard / Zientziaren Carnegie Erakundea

Sedna aurkitu zenean, 2003an, astronomoek proposatu zuten litekeena zela halako objektu gehiago egotea Eguzki-sistemaren eremu horretan. Periodo luzeko kometen jatorria den Oorten laino are urrunagoaren eta planeta erraldoien arteko eremu horri barnealdeko Oorten laino deitu zioten, eta, hainbat hipotesi plazaratu zituzten azaltzeko nola sortu ziren eta zergatik zeuden eremu horretan balizko gorputz horiek. Baina 10 urte hauetan ez da Sednaren pareko beste objekturik detektatu han. 2012 VP113 bigarrena da, eta hain urruneko eremu exotiko eta ezezagun hori ezagutzen segitzeko oso baliagarria izango da astronomoentzat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila