Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa batek frogatu du hirietako zuhaitz-espezieen bi heren arriskuan daudela, beren tolerantzia klimatikoaren mugetatik kanpo daudelako jada. Munduko 164 hirietako 3.129 zuhaitz-espezie aztertu dituzte, eta ikusi dute % 56 beren tenperatura-margen segurutik kanpo dagoela jada, eta % 65 baita euri-margen segurutik kanpo ere.
Horrek arriskuan jar dezake klima-egokitzapenerako adituek proposatu izan duten estrategietako bat, hain zuzen hirietan bizi diren pertsonen ongizaterako beharrezkotzat jo dena: hirietan zuhaitzak eta berdeguneak ugaritzea, tenperatura-sentsazioa murriztu eta giza ongizatea hobetzeko.
Izan ere, baso urbanoek hiriak hozteko gaitasuna dute. Itzala emateaz gain, lurretik jasotako ura hostoetatik askatzen dute, lurruntze eta transpirazioaz, eta prozesu horrek beroa xurgatzen du. Hori dela eta, egungo egoera klimatikoan gizakion ongizaterako ezinbestekoak izango direla aurreikusi da. Ikerketaren emaitzak ikusita, ordea, ikertzaileek zalantzan jarri dute hirietako zuhaitzek funtzio hori bete ahal izango duten, hilezkortasun-tasa gero eta handiagoa baita.
Gogorarazi dute munduko biztanleen % 55 bizi dela hirietan eta datozen urteotan egoerak okerrera egingo duela, batez ere behe-latitudetan. 2050rako, hirietako zuhaitzen % 76 tenperatura-margen segurutik kanpo eta % 70 euri-margenetik kanpo egongo dela aurreikusi dute. Hala, hirietako basoen osasuna zaintzeko deia egin dute ikertzaileek, urgentziaz.
Elhuyarrek garatutako teknologia