Eboluzionatu ezin gosearen erruz

Duela bi mila milioi urte, zianobakterioak ziren Lurreko ozeanoetako izaki ugarienak. Fotosintesia egiten hasi ziren lehenak izan ziren, eta, teorien arabera, fotosintesi horren eraginez daukagu gaur egun oxigenoz beteriko atmosfera.

Garai berean agertu ziren lehen alga eukariotoak ere, baina mila milioi urtetan ez zuten askorik eboluzionatu. Gertaera horren arrazoiak jakin nahirik, Harvard Unibertsitateko paleontologo- eta geokimiko-talde batek orduko sedimentuak aztertzen jardun du, eta eboluzio-eza azaltzen duen teoria berria plazaratu du.

Horien esanean, alga eukariotoek hain denbora-tarte luzean ez eboluzionatzeko arrazoi nagusia gosea izango litzateke. Uretan zeuden metal asko, atmosferan agertu berria zen oxigenoaren erruz, hauspeatu eta sedimentuetan pilatu ziren. Horren ondorioz, ozeanoetako ura mineraletan oso urria bilakatu zen, eta, diotenez, gabezia horrek eboluzioa bultzatu beharrean geldiarazi egin zuen.

Atmosfera oxigenoz bete zenean, mila milioi urte geroago, elikagaiak ugaritu egin ziren berriro ozeanoetan. Beraz, ordura arte itxaron behar izan zuten algek eboluzionatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila