Eboluzioaren ordularia

Ordulari molekular batean oinarrituta, bi espezie noiz bereizi ziren edo haien arbasoa zein izan zen jakiteko modua aurkeztu dute Frantziako Montpellierreko Unibertsitatean.

Animalia handien edo duela gutxi bereizitakoen kasuan, litekeena da fosilak egotea; horrelakoetan, ikertzaileak fosiletan oinarritzen dira ondorioak ateratzeko. Baina askotan ez dago erregistro fosilik, edo dauden datuak ez dira nahikoak ondorioak ateratzeko.

Duela hamarkada batzuk hainbat ikertzailek hau proposatu zuten: DNAk era konstantean metatzen baditu mutazioak, gaur egungo bi espezieren DNAk alderatuta badago jakitea noiz izan zuten DNA berdina. Fosilak erabilita, ornodunen DNAn aldaketak zein maiztasunekin gertatzen ziren kalkulatu zuten, eta horren araberako eskala bat egin zuten.

Alabaina, eskala horrek akatsak ematen zituen bizidun-taldeetan aplikatzean. Nonbait, talde guztiek ez dituzte abiadura berean izaten mutazioak. Arazo hori konpontzeko, beste ordulari molekular bat sortu dute Frantziako ikertzaileek, edozein taldetarako baliagarria.

Eboluzioaren zuhaitza sortzeko, gaur egungo 36 espezie erabili dituzte. Espezie horiek aukeratzean, kontuan hartu dute bizidun-talde nagusiek ordezkatuta egon behar zutela. Gero, zuhaitza erregistro fosilera josi dute sei puntutan; sei puntu horietan zuhaitza eta fosilak bat datozenez, tartekoa ere zuzena izango delakoan daude.

Hori egin eta gero, 36 espezieetan 100 proteina bilatu dituzte. Proteina horiek ezinbestekoak dira bizitzeko; beraz, oso aldaketa gutxi izaten dituzte denborarekin, funtzioa ez galtzearren. Hala ere, epe luzean aztertuta, badira aldaketa txiki batzuk, eta horiek detektatu dituzte. Talde bakoitzean, aldaketen maiztasuna kalkulatu dute. Bukatzeko, ordenagailu bidezko eredu bat erabili dute datu horiek zuhaitzarekin eta fosilekin uztartzeko.

Emaitza bat dator orain arteko datuekin. Egia da espezieak lehenago azaltzen direla zuhaitzean haien fosilak baino, baina hori logikoa da, espeziea sortzen denetik banako bat fosilduta gelditu artean denbora pasatzen delako.

Montpellierren sortu duten zuhaitza aztertzen ari dira beste ikertzaile batzuk eta baliagarria dela uste dute gehienek. Hala ere, hainbat akats aurkitu dituzte; esaterako, alga gorri baten fosila espeziea sortu baino lehenagokoa da zuhaitzaren arabera, eta hori, noski, ezinezkoa da. Hala ere, abiapuntu egokia dela iruditzen zaie adituei, eta badirudi bide horretatik jarraitzeko asmoa dutela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila