Eboluzioa eta suntsipenak loturik ote?

Ikuspuntu darwindarretik begiratuta, lehia eboluziorako baldintza beharrezkoa ezezik suntsipenen kausa nagusia ere bada. Darwinek honela azaltzen zuen eboluzioa: “Espezie berri bakoitza berarekin lehian dauden beste espezieen aurrean abantailak izatetik sortzen da eta irauten du, hau hautespen naturalaren funtsa delarik.

Ondorioz, abantailarik gabekoak suntsitu egiten dira”. Horrela balitz, suntsipenen maiztasuna oso konstantea litzateke, baina erregistro fosilak kontrakoa erakusten du; maiztasuna oso aldakorra dela, alegia. Suntsipenak etengabe gertatzen badira ere, denbora geologikoaren une konkretu batzuetan oso ugari izan dira eta “suntsipen masiboa” esaten zaie.

Darwinek berak ere onartu zuen suntsipen masiboak izan zirela eta erregistro fosilaren hutsune modura azaldu zituen. Baina suntsipen masiboen noizbehinkako izaerak faktore ez-biotikoen papera eredu darwindarrek argudiatutakoa baino garrantzitsuagoa dela erakusten du. Beraz, lehiaren bidez baztertze progesiboa eta ondoriozko suntsipenak ez bide dira maiz gertatzen. Baina, leihak ba al du zerikusirik eboluzioarekin? Bai. Espezie barneko lehia hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren ezaugarri nagusia da eta “bizitzeko borroka” honen ondorioz izakien moldatzeko gaitasuna da.

Bestalde espeziearteko lehia ere izaten da eta honek zonalde berean bizi diren antzeko espezien karaktereak aldaraz ditzake. Hala ere, espeziazioa eta moldapen-dibergentzia moldapen-erradiazioaren bi alderdi desberdin dira eta beren arteko harremana oso konplexua da. Eredu darwindarrean, biak kontzeptu bakarrean batzen ziren, moldapen dibergentzia espeziazioaren zirikatzaile nagusia izanik. Espeziazioaren ezaugarri nagusia isolamendu erreproduktiboa da eta honetara bide desberdinetatik iritsi daiteke gaur egungo eredu biologikoen arabera. Adibidez, espezie beretik sortutako bi espeziek berriro topo egin dezakete nitxo berean denbora baten ostean, eta lehian has daitezke.

Lehia ez badago edo oso gogorra ez bada, bi espezie berri hauen arteko hibridazioa gerta daiteke eta espezie berria sortzea ere bai. Nahiz eta hasieran lehiaren bidez elkar baztertu (banaketa parapraktikoa sortuz), ezaugarri fisiologikoen eraldaketa finkatzen da ondorioz, eta azkenik espezieen arteko nitxoen dibergentzia edo moldapen-erradiazio post-espeziazionala, gertatuko da. Beraz, espeziearteko lehia moldapen-erradiazioen indar sortzaile nagusia izan daiteke, baldin eta aurretik bete gabeko nitxo potentzialak badaude.

Noizbehinkako suntsipen masiboen ondoren nitxo hutsak agertzen dira. Nitxo hauek erradiazioz eta espeziazioz betetzen dira. Orain arteko suntsipen masiboak abiotikoak izan dira; inguruko krisi sakonek sortuak. Krisi hauetan ingurua arinegi eta gehiegi aldatzen da espezie gehienak moldatu ahal izateko, eta kolapso ekologikoa sortzen da. Suntsipenaren ondoren, moldapen-erradiazio intra eta interespezifikoak, elkarrekintza biotikoak barne, espeziazio, erradiazio eta kolonizazio biologiko bihurtzen dira. Esan bezala, eta guk dakigula, orain arteko suntsipen masiboen zergatia abiotikoa izan da, baina zer gertatuko da gizakumeok hurrengo suntsipen masiboa eragiten badugu, hau da, hurrengo suntsipenaren zergatia biotikoa bada?

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.