Orain arteko aztarnetan oinarrituta, zientzialariek uste zuten mugimendua duten animalia bilateralak Ediacara periodoan eboluzionatu zutela (duela 635-542 milioi urte). Orain, horrelako animalia zaharrenaren fosilak eta hark utzitako arrastoak aurkitu dituzte, Dengyingen, Yangtze ibaiaren arroilen inguruan (txina). Kalkuluen arabera, duela 551-539 milioi urte bizi izan zen animalia hori.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Egileek nabarmendu dutenez, oso aurkikuntza garrantzitsua da, orain arte halako animaliek narrastean utzitako arrastoak baino ez baitituzte aurkitu. Orain, baina, animalien gorputz fosilduak ere azaldu dira, utzitako arrastoen ondoan.
Yilingia spiciformis deitu diote, eta, guztira, 35 ale bildu dituzte. 5-26 mm zabal zen eta 27 cm luze izatera irits zitekeen. 50 segmentutan banatuta zegoen, ahoa eta isatsa zituen, bizkarra eta sabela, eta simetria bilaterala. Hau da, animalia gehienek, guk barne, dituzten ezaugarriak zituzten.
Arrastoak, berriz, itsas hondoan narrasean ibiltzean sortu zituztela ondorioztatu dute zientzialariek. Mugitzeko gai izateak, gainera, iradokitzen du nerbio-sistema bat zutela, eta haren eraginpean erabakitzen zutela alde batera edo bestera joatea.
Hori guztia aintzat hartuta, ikertzaileek ez dute zalantzarik aurkikuntza esanguratsua dela ikuspegi ebolutibotik.
Elhuyarrek garatutako teknologia