Bizidun zelulanitzen dibertsifikazioa eta sorrera uste baino lehenago gertatu zen

Bizidun zelulanitzen dibertsifikazioa eta sorrera uste baino lehenago gertatu zen
2011/05/01 | Elhuyar
Itsasoko algen itxura dute duela 600 milioi urteko fosilek. Arg.: Zhe Chen.

Itsasoko algen itxurako fosil batzuk aurkitu dituzte, duela 600 milioi urtekoak, Txinako Anhui probintzian, Txinako Zientzia Akademiako eta Virginia Estatu Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Orain arte aurkitutako izaki eukarioto zelulanitz zaharrenak baino 27 milioi urte zaharragoak dira. Nature aldizkarian eman dute egindako aurkikuntzaren berri, eta, esan dutenez, nahiko biota aberatsa zegoen eremu horretan garai hartan, bai taxonomikoki, bai morfologikoki: 15 bat espezie bereizi dituzte fosiletan, eta desberdintze-maila handia zutela ondorioztatu dute.

Datu horiek ikusita, izaki eukarioto zelulaniztunen dibertsifikazioa uste baino lehenago gertatu behar izan zuela ondorioztatu dute ikertzaileek. Azaldu dutenez, jotzen zen orain arte ezagutzen ziren eukarioto zelulaniztun zaharrenak (Avalon biota deritze) ozeano sakonak oxigenatzearekin bat dibertsifikatu zirela, Ediacara periodoaren erdialdean (orain dela 580 milioi urte, gutxi gorabehera). Alabaina, orain proposatu dute oraingo fosilek (Lantian formazio izena eman zaie) 600 milioi urte baldin badituzte, dibertsifikazioak Ediacara periodoaren hasieran gertatu behar izan zuela, Marinoan glaziazioa bukatu berritan.

Gainera, izaki haiek sakonera txikiko uretan bizi izan zela ere ikusi dute. Horrenbestez, ondorioztatu dute halako biota konplexu batek aurrera egin badu ozeanoetako oxigenazioa orain arte uste baino konplexuagoa izan zela. Izan ere, alga horiek guztiek oxigeno librea behar zuten arnasteko, eta ez zuketen aurrera egiterik izango ingurunea anoxikoa izan balitz. Baina datu geokimikoek adierazi dute garai hartan, oro har, anoxikoa zela ingurunea.

Definizioz ezinezkoa litzatekeen egoera horri azalpena eman diote ikertzaileek Nature n: "gure proposamena da ingurune hori, oro har, anoxikoa zela, baina inoiz edo behin aldi oxigenodun motzak sortzen zirela. Bada, makroeukariotoek aldi horiei probetxua ateratzen zieten, eta, ondoren, kondizio anoxikoak itzultzean, berriz ere hil egiten ziren".

1
275
2011
5
005
Paleontologia; Eboluzioa; Botanika
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila