Ornogabe mikroskopikoak dira tardigradoak. 500 milioi urteko eboluzioa egin dute Lurrean, eta bost suntsipen masiboetan bizirik atera dira, muturreko baldintzetan bizirik irauteko duten gaitasun bereziari esker. Eboluzio luzea egin duten arren, orain arte bi tardigrado fosil besterik ez dituzte aurkitu erregistro fosilean. Orain, hirugarrena aurkitu dute, ezustekoan.
Dominikar Errepublikako anbar-tanta batean azaldu da fosila. Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileak ari ziren pieza aztertzen, hiru inurri-espezie zituelako fosilduta, eta hiru hilabetez aztertzen aritu ondoren konturatu dira tardigrado bat ere bazegoela ondoan.
Erregistro fosilean hain urriak izateko arrazoia da ez daukatela nahikoa mineralik fosilizatzeko, eta, fosilizatuta ere, tamaina mikroskopioak zaildu egiten du haiek ikustea. Aurkitutako tardigradoak 0,56 mm-ko luzera du, eta laser-mikroskopioaren bidez ikusi ahal izan dute jada bizirik ez dagoen espezie batetako kidea dela. Hain zuzen, gaur egun bizirik dauden 1.300 tardigrado-espezieekiko oso ezaugarri desberdinak ditu. Batez ere, atzaparretan eta hesteetan hauteman dituzte desberdintasunak.
Duela 16 milioi urtekoa da fosila, Zenozoikoaren garaikoa, eta Isohypsibioidea tardigradoen superfamilikoa dela identifikatu dute. Paradoryphoribius chronocaribbeus izena jarri diote espezieari, bere jatorriari erreferentzia eginez. Tardigradoen eboluzioa oso ezezaguna izan da orain arte, fosil-kopuru txikiagatik, eta ikertzaileek uste dute fosil honek hainbat gauza argitzen lagunduko duela, tardigradoaren egoera oso ona baita.
Elhuyarrek garatutako teknologia