Downen sindromea duten adinekoetan alzheimerra infradiagnostikatuta dagoela frogatu dute Down-Syndrome Basque Alzheimer-Initiative ikerketa-proiektuan. Izan ere, azken urteotan asko luzatu da Downen sindromea dutenen bizi-itxaropena; horrenbestez, lehen baino ohikoagoa da haiek ere zahartzaroari lotutako gaixotasunak pairatzea; tartean, alzheimerra. Gainera, haietan, populazioaren bataz bestekoan baino lehenago agertzen dira.
Haiei osasun-arreta integrala eskaintzeko asmoz jarri zuten martxan, beraz, ikerketa-proiektua, CITA-Alzheimer-en Downen sindromea duten pertsona helduekin lan egiten duten erakundeen laguntzaz. Miren Altuna Azkargorta ikertzailearen esanean, beste helburu bat ere badute: “goi-mailako ikerketa kliniko eta traslazionalaren protagonista bihurtzea pertsona horiek”.
Azaldu duenez, bai Down-en sindromea duten pertsona helduek, bai haien senitartekoek eta zaintzaileek, harrera ona egin diote ikerketa-proiektuari, ekimenaren lehen urtean, 114 helduk parte hartu dute, Hego Euskal Herriko lurralde guztietakoak, eta bataz besteko adina 46,3 urtekoa izan da. “Etorri diren ia % 95k baino gehiagok eman du baimena bere datu kodifikatu edo anonimizatuak erabiltzeko ikerketarako. Horrez gain, bi herenek odol analisiak egitea onartu dute, erdiak baino gehiagok buruko errosonantzia magnetikoa egiteak, eta herenak baino gehiagok puntzio lunbarra”, zehaztu du Altunak.
Era berean, nabarmentzekoa iruditu zaio euskaraz eta gazteleraz eskaini izana bisita klinikoak eta zaintzaileei zuzendutako formakuntza-plana: “Gure nahia bada ere aztertzea zein neurritan betetzen diren hizkuntza-eskubideak Downen sindromedunen osasun-arretan, eta benetan jakitea ea elebidun izateak haiengan ere baduen mesede klinikoa eta biologikoa, narriadura kognitiboari dagokionez”. Aipatzekoa da parte-hartzea erabaki duten gehienak euskaldunak zirela.
Journal of Clinical Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta agerian utzi dute partaideen % 36k zituela alzheimerraren sintomak, baina % 5,7k zuen aurrez diagnostikatuta. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu dute halako proiektuak behar-beharrezkoak direla, Downen sindromea duten pertsonei osasun-arreta egokia emateko.