Atentzioa non ez jarri erabakitzeko, garuna nola moldatzen den aurkitu dute: talamoko neurona-zirkuitu bat arduratzen da iragazki-lanak egiteaz. Zehazki, talamoa inguratzen duen TRN izeneko neurona-geruza dago zirkuitu hori. Arreta eta zentzumenen prozesamendua kontrolatzen ditu zirkuitu horrek, eta saguetan egindako probetan identifikatu dute.
Hain zuzen ere, Francis Crickek 1984n proposatu zuen TRNak ate baten funtzioa beteko lukeela garunean; ate horrek erregulatuko luke zer informazio pasatzen den talamotik kortexera eta zein ez. Izan ere, kortexean prozesatzen eta interpretatzen da informazioa, baina, hara iristeko, zentzumenen bidez jasotakoak talamorik igaro behar du lehenengo.
Ordutik garatu diren teknikei esker, Cold Spring Harbor laborategiko ikertzaile-talde bat gai izan da frogatzeko Cricken hipotesia zuzena dela. Hipotesia frogatzeko, TRN eremuan proteina jakin bat inaktibatu dute: Erb24 —oso ugaria da TRN eremuan, eta aurretik egindako beste ikerketa batzuen arabera, ERb24 genearen mutazioek lotura izan dezakete eskizofreniarekin eta arreta-gabeziaren sindromearekin—.
Bada, Erb24 proteinarik ez zuten saguek arazo handiak zituzten arreta jartzeko eta distrazioak saihesteko. Ikertzaileen esanean, Erb24 proteinarik gabe, TRNaren eta kortexaren arteko konexioak sendotu egiten dira, eta, horrek TRNaren zaindari-lanak asaldatzen ditu. Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dituzte lanaren emaitzak.