Astronomo-talde batek objektu astronomikoak zein distantziatara dauden neurtzeko sistema berria garatu du. Objektu astronomiko bat non dagoen jakitea oso garrantzitsua da astronomian, bai bere ezaugarriak zein diren jakiteko eta bai bere portaeraren bidez Unibertsoaren izaera ulertzeko.
Neurketa-sistema berez ez da berria, baina gaurdaino teknikoki ezinezkoa izan da. Sistemak X-izpien sakabanatzea erabiltzen du; X-izpiek Unibertsoan zehar hedatzen direnean eta hauts-partikulekin talka egiten dutenean jasaten duten sakabanatzea hain zuzen ere. Izpi hauek argiak baino energia handiago dutenez, sakabanatze-angelua askoz txikiagoa da eta, ondorioz, oso urrun dauden objektuetatik datozen izpiek jasandako sakabanatzea kalkula daiteke. Argiarekin hori egitea ezinezkoa litzateke, dispertsioa handiegia baita.
Zientzialari-taldeak NASAren Chandra X-izpizko Behatokia erabili du sistema frobatzeko. Behatoki honek orain artekoek baino bereizmen handiagoa eskaintzen du, eta horri esker astronomoek X-izpiak igortzen dituzten objektu garrantzitsuenen distantziak zehazki kalkulatu ahal izan dituzte. Neurketa-sistema berria ulertzeko semaforoaren adibidea jarri dute astronomoek. Lainoa dagoenean, semaforoaren inguruan halo bat sortzen da sakabanatzearen ondorioz. Semaforoaren kolorea aldatzen denean, halo hau ere kolorez aldatzen da, baina segundo baten bilioiren bat geroago. 30.000 argi urtera dauden objektuekin efektu hau garrantzitsuagoa da, eta, beraz, atzerapena errazago neur daiteke, distantziaren balioa lortzeko.