NANOEFFECT proiektuan, korronte elektriko bat aplikatuta kolorez aldatzeko gai diren dispositibo berriak garatzen ari dira. Dispositibo horiei elektrokromiko deritze. Proiektua Fraunhofer-Institut Silicatforschung (ISC) erakundeak zuzentzen du. Helburua da material berri bat garatzea; kostu txikia, iraunkortasun handia eta kolore-gama zabala izango ditu materialak. Harekin, betaurreko elektrokromikoak edo ehungintza-sektorerako edo automobilgintzarako aplikazioak garatuko dira.
Proiektuaren partaideetako bat CIDETEC-IK4 da. Euskal zentro teknologikoaren egitekoa izan da nanoegitura berezia duten polimero elektroaktibo berriak sintetizatzea eta nanomaterial horietan oinarritutako dispositibo elektrokromiko erabat malguak garatzea.