SONY enpresa japoniarrak, laser-ikerketan orain arte gaindiezina zen muga bat apurtu duela dio: argi urdina emititzen duen laser erdieroale bat aurkitu omen du. Argi urdinaren uhin-luzera txikiari esker, laserrak argi-izpi fina produzi dezake eta ondorioz, disko konpaktuan gorde daitekeena hirukoiztu egin daiteke.
EEBBetako, Europako eta Japoniako zientzilariak aspaldidanik ari dira argi urdinezko laserra aurkitu nahian. Disko konpaktuetarako irakurgailuen laserraren izpi gorria indio eta galio fosfurozkoa da, baina iaz 3M izeneko konpainia estatubatuarrak argi gorriaren uhin-luzera baino txikiagoa duen argi berdezko laserra garatu zuen.
SONY-ko Andrew House-k dioenez, orain dela 20 hilabete ikerketa-konpainiek ba omen zekiten kadmio seleniurotik argi urdina atera zitekeela. Dena den, SONYren argi urdinezko laserra seleniuroetan oinarritzen omen da.
Laser erdieroale guztien antzera, laser honek geruza anitzeko sandwich baten itxura du, erdian 48 nanometro zabalerako zink seleniurozko geruza aktiboa duelarik. Geruza aktiboko alboetako bakoitzean, zink, magnesio eta sufre seleniurozko geruzak daude. Hauetako bat, n motakoa hain zuzen ere, elektroiz aberastu erazten duen ezpurutasunez dopatzen da eta bestea, p motakoa, elektroiak kentzen dituen (beraz, zuloak sortzen dituen) ezpurutasunez dopatzen da.
n motako geruzako elektroiek p motako geruzako zuloak aurkitzen dituztenean, energia emititzen da. Arazoa energia hau laser-izpi bezala eta ez bero bezala emititzean datza. Zenbat eta bero handiagoa emititu, gero eta etekin txikiagoa ateratzen zaio laserrari. SONYk ez du deus ere esan bere laserraren errendimenduari buruz.
Orain, erdieroalea nitrogeno likidotan -196 °C-raino hoztu behar da. Beraz, behar diren propietateak ingurugiro-tenperaturan lortu arte ez da jakingo aurkikuntza berri hau disko konpaktuetan erabiltzerik izango den ala ez.