Arnasaren bidez diabetea detektatzeko gailu bat aurkeztu dute Mississipi Estatu Unibertsitateko bi ikertzailek. Gailuak arnasako azetona-kantitatea neurtzen du. Izan ere, diabetea dagoenean, odoleko gluzemia igotzen denean, biriketan azetona ugaritzen da, beste konposatu batzuen artean; eta gailu horren bidez arnasako azetona-maila odoleko gluzemiarekin lotu nahi dute. Hala, diabetearen kontrola era samurragoan egin ahal izango litzateke, odola ateratzeko hatza ziztatu beharrik gabe.