Derrigortzearen kontra; informatzearen alde

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

derrigortzearen-kontra-informatzearen-alde

Informazio gardena eta osatua izatea funtsezkoa da erabakiak hartzeko eta arauak baloratzeko. Txertoen kasuan, badira printzipioz uko egiten dietenak; jokabide horrek aurrez aurre jartzen ditu norbanakoen askatasuna eta onura kolektiboa. Beste askoren ukoa, berriz, ez da printzipio-kontua, baizik eta zuhurtzia edo errezeloa: txertoak seguruak eta eraginkorrak direla ikusi arte, nahiago dute itxaron.

Hain zuzen ere, AEBn, Erresuma Batuan, Espainian eta beste zenbait herrialdetan egindako inkestek erakutsi dute, COVID-19aren txertaketek aurrera egin ahala, gutxitzen doazela zalantzan zeudenen eta uko egiten zietenen ehunekoak. Hori dela eta, ahalik eta jende gehien txerta dadin, konbentzitzea derrigortzea baino egokiagoa dela uste dute aditu askok. Iritzi horrekin bat eginda, hemen oinarrizko galde-erantzun batzuk, COVID-19aren txertoei buruz:

Nolakoak dira txertoak?

Txerto guztiek funtzionamendu bera dute: immunitate-sistema prestatzen dute patogeno arriskutsu bati aurre egiteko. Horretarako, patogeno horren bertsio ahulduak edo haren zatiak sartzen dira gorputzean; ez dute kalterik egiten, baina immunitate-sistemak identifikatu egiten ditu, eta babesteko erreakzionatzen du, antigorputzak eta zelula espezializatuak sortuz. Hala, patogenoarekin infektatuz gero, gorputzak dagoeneko prest du erantzuna.

Zer dira mRNA txertoak (Pfizer, Moderna)?

SARS-CoV-2 birusaren osagai garrantzitsuena proteina bat da, S proteina. Haren bitartez sartzen da zeluletara, eta, hura blokeatuz gero, birusak ezin du kalterik egin. Horregatik, sortu diren txertoek S proteina hori dute oinarrian.

Zehazki, mRNA-txertoek edo RNA mezularian oinarritutakoek (Pfizerrenak eta Modernarenak) proteina ekoizteko informazio genetikoa daramatzate. Informazioa RNA mezularian doa kodetuta. Molekula horrek ez du beste informaziorik ez funtziorik. Ezin da gure zelulen nukleora sartu eta ez du gure DNAn eraginik. Egiten duen bakarra da informazioa eman gure zelulei, S proteina ekoitzi dezaten. S proteina arrotza denez, immunitate-sistemak harekiko erreakzionatzen du, eta babesa sortzen du.

Babes hori iraunkorra da. Aldiz, mRNA eta sortzen diren proteinak egun gutxian desagertzen dira. 

Eta txerto adenobirikoak (Astrazeneca, SputnikV)?

Txerto adenobirikoek ere S proteina ekoizteko informazioa daramate, baina DNA molekula baten itxuran, eta beste birus baten DNAn integratuta. Beste birus hori adenobirus familiakoa izaten da, eta ez da patogenikoa; alegia, ez du kalterik egiten.

mRNA-txertoen aldean, ez dute hain tenperatura baxua behar gordetzeko. Horrek banaketa errazten du. Gainera, merkeagoak dira.

Nolatan garatu dituzte hain azkar?

Zientzialariek urteak daramatzate txertoetan ikertzen, eta adenobirusen teknologia beste txerto batzuekin ere erabiltzen zen, adibidez, zika eta ebolaren kontra. mRNA-txertoak, berriz, COVID-19arenak dira baimendu diren lehenak, baina era horretako beste batzuk pertsonetan probatzen ari ziren lehendik ere, hala nola, GIBaren aurkakoa edo amorruarena. Koronabirusen kasuan, SARS eta MERS izurriekiko ere ikertu zituzten, eta orduan lortutako emaitzek iradoki zuten teknologia hori baliagarria izan zitekeela.

Kontuan izan behar da informazio zientifikoa inoiz ez dela hain azkar eta hain garden elkarbanatu, eta ez dela hainbesteko finantziaziorik jaso, mundu osoan.

Ziur seguruak eta eraginkorra direla?

Baimenduak izateko, saio klinikoen hiru fase gainditu behar izaten dituzte. Hirugarren fasean, 30.000-40.000 pertsonek parte hartzen dute. Haien emaitzak aintzat hartuta lortzen da baimena. Eta populazio orokorrera iritsitakoan, laugarren fasea hasten da. Orduan berresten da ez dutela espero gabeko eraginik sortzen. Bada, dagoeneko milioika dosi eman dira, txerto-mota guztietakoak, eta emaitzak espero baino are hobeak izaten ari dira. Zalantzan zeudenak lasaitzeko modukoak, beraz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila