Dengearen eta zikaren birusek eltxoak erakartzen dituen usaina sorrarazten dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

dengearen-eta-zikaren-birusek-eltxoak-erakartzen-d
Anopheles aegypti eltxoa. Arg. James Gathany, Centers for Disease Control / CC BY-SA

Gizakiek eta saguek, dengearen edo zikaren birusarekin kutsatuta daudenean, eltxoak erakartzen dituen substantzia kimiko bat jariatzen dute.

Dengearen eta zikaren birusak eltxoen bidez hedatzen dira. Ikertzaileek ikusi dute infektatutako ostalariak ziztatzeko joera dutela eltxoek. Jakina denez, usaimena erabiltzen dute ostalaria hautatzeko. Hortaz, infektatutako ostalarien usaina aztertuta jakin dute azetofenona dela gakoa, kutsatutako banakoen larruazalean ohi baino kontzentrazio handiagoetan baitzegoen.

Birusak molekula horren ekoizpena nola handitzen duen ere aztertu dute, eta frogatu dute larruazaleko mikrobiotaren osaera baldintzatzen duen proteina bat ezabatzen dutela, eta, ondorioz, azetofenona sortzen duten bakterioak ugaritu egiten direla.

Bestetik, ikusi dute aknea tratatzeko erabiltzen den botika batek, isotretinoinak, proteina horrekin zerikusia duela, eta isotretinoinaz tratatutako saguek ihes egiten dietela eltxoen ziztadei.

Horrenbestez, eltxoak erakartzen dituen molekula identifikatuta, litekeena da eltxoen ziztadatik babesteko tratamendu bat izatea, eta gaitza hedatzea eragoztea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila