Einsteinen erlatibitatearen teoria bereziaren arabera, argiaren abiaduran denbora dilatatu egiten da, hau da, mantsoago pasatzen da. 1907an egin zuen Einsteinek aurreikuspen hori, eta, orain, Manitoba Unibertsitateko fisikari batzuek frogatu egin dute teoria hori, Einsteinek berak proposatu zuen esperimentu baten bidez.
Esperimentuak argi-uhinen maiztasunean du oinarria. Atomoak eta ioiak gai dira energia xurgatzeko eta uhin-luzera jakin bateko argia igortzeko. Igortzen duten argia mugimendu uhindu batez higitzen da, eta maiztasun bat du argiaren uhin-luzeraren arabera; hau da, denbora jakin bat behar du uhinen mugimendu oso bakoitza egiteko.
Hori oinarri hartuta, Einsteinek esaten zuen ioi bat argiaren abiaduraraino azeleratuko balitz ioiarentzat denbora mantsotu egingo litzatekeela, eta, horren ondorioz, uhinen mugimendua ere mantsotuko litzatekeela. Hau da, haren ustez, ioi horrek maiztasun txikiagoko argia igorriko luke.
Einsteinen esperimentua frogatzeko, Manitobako taldeak litio-ioiak azeleratu zituen argiaren abiaduraren % 6ko abiaduraraino, partikula-azeleragailu bat erabilita. Orduan, laser-izpien bidez ioiak kitzikatu zituzten, eta igortzen zuten argiaren maiztasuna neurtu zuten. Emaitzek adierazi zuten, 1/10.000.000ko doitasunez, ioiek igortzen zuten argiaren maiztasuna mantsotu egin zela, erlatibitatearen teoria bereziak adierazten zuen bezala.