Definizio handiko telebista europarra

Joan den urteko uda partean definizio handiko telebista europarraren lehenengo irudia ikusi ahal izan ziren Berlineko Funkaustellung delakoan. Eureka programaren barnean dagoeen projektua martxan jarri eta urtebetera, zinemaren kalitateko irudiak ematen dituzten kamera eta hargailuen prototipoak aurkeztu dira.

Honekin Europak erantzun azkarra eman dio japoniarren mehatxuari. NHK Japoniako telebista-katea handiak bertako industriaren laguntzaz definizio handiko telebista-sistema bat prestatu du eta hau mundu-arau legez inposatu nahi du munduko telebista-merkatua menperatu ahal izateko. Halere, 1986.eko ekainean Jugoslaviako Dubrovnik hiri ederrean Irratidifusiorako Nazioarteko Batzorde Aholkuemaileak (INBA) egindako bileran japoniarren proposamena bertan behera utzi zen.

Japoniarrek 1125 lerroko sistema proposatzen zuten (egungoak 625 ditu), pantaila bi aldiz luzeago altuago baino izango litzateke eta 60 Hz-eko maiztasunean egingo luke lan. Europarrak ez zeuden horrekin ados eta egun munduko telebisten bi herenek 50 Hz-etan egiten dutela lan gogorarazi zuten. Gainera satelite bidezko telebistaren igorpenari zuzendutako arau berri bat aurki sartuko da indarrean eta arau hau Europan antolatu denez, europarrek egindako inbertsioak salbatu nahi zituzten. Horrexegatik D2MAC arau horretan oinarritutako definzio handiko telebista-sistema martxan jartzea erabaki zuten. Sistemak 50 Hz-etan, 1250 lerrorekin eta 5/3 formatuan egingo du lan.

Telebista europarra, orain arte merkatu-arerio izan diren Thomson eta Philips-ek garatuko dute elkarlanean. Noiz izango da salgai? Diseinatzaileak ez dira data ematera ausartzen, baina 1990-92 tartean koka liteke data hori. Fabrikatzaileen ustetan definizio handiko telebista, aretotan jartzeko banatuko da eta pantaila handitan proiektatuko da. Hargailuak astunegiak dira (70-80 kg) eta baldarregiak ere bai etxetan jarri ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila