Juan Luis Arsuaga da Scienceko artikuluaren egile nagusia, baina, harekin batera, beste 18 egilek sinatu dute lana, tartean, Asier Gómez Olivenciak. Haren esanean, ikerketaren ekarpen nagusia da jakin dutela duela 430.000 urtekoak direla neandertalen anatomiaren lehen ezaugarri bereizgarriak. “Bereizgarritasun horiek aurpegian eta hortzetan ikusten dira”, zehaztu du Gómezek.
Gómezek Hezurren Osineko aberastasuna nabarmendu du: “Ez dago munduan beste aztarnategirik horrelako bildumarekin”. Izan ere, ikertutako 17 garezurrak aztarnategi horretakoak dira, eta batzuk orain atera dira argitara lehen aldiz. Aurkitutako lehenak, berriz, 1993an topatu zituzten; hiru ziren, eta Nature aldizkarian eman zuten haien berri. Geroztik egindako indusketetan aurkitu dituzte gainerakoen zatiak, eta lan handia izan dute haiek sailkatzen eta osatzen.
Horrez gain, aztarnategiaren geologia ere sakon aztertu dute urte hauetan, informazio hori oso baliagarria izan da ulertzeko nola metatu ziren hainbeste hilotz leku berean eta baita datazioa egiteko ere. Hain zuzen, fosilak datatzeko, Atapuercan bertan probatutako teknika berri batzuk erabili dituzte, eta hala ondorioztatu dute duela 430.000 urtekoak direla.
Hezurren Osineko fosilen abantaila handienetako bat da denak populazio biologiko berekoak direla. Horrek “aldakortasuna ikustea ahalbidetu digu”, azaldu du Gómezek, “eta frogatu dugu garezurretan bariazioa txikia dela”. Gainera, Erdi Pleistozenoko beste garezur batzuk ikusita (Atapuercatik kanpokoak), ondorioztatu dute garai hartan talde batzuek neandertalak ezaugarritzen dituzten bereizgarri gehiago zituztela beste batzuek baino. “Eboluzio konplexua gertatu zela” esan nahi du horrek, Gómezen arabera.
Izan ere, eztabaida handia izan da neandertalen garezurra eratzearen inguruan. Hezurren Osineko lanak baieztatzen du eboluzio-eredua modularra edo mosaikoan izan zela. Lehen aldaketak hortzetan eta aurpegian gertatu zirenez, mastekatzeko moduan eta egituretan espezializazioa gertatu zela proposatu dute ikertzaileek. Artikuluan ideia horren aldeko frogak erakutsi dituzte, eta baita neurogarezurrak eta entzefaloak ondoren eboluzionatu zutela pentsarazten duten datuak ere, hala nola garezurraren bolumena, entzefalizazio-kozientea, garezurraren eremua, aurpegiko eskeletoa, eta masailezurrak eta hortzeria.
Hori guztia aintzat hartuta, artikuluaren eztabaidaren atalean, egileek diote zenbait ikertzailek iradoki dutela aztertutako banakoak Homo neanderthalensis espeziearen antzinako kidetzat jo beharko liratekeela. Alabaina, egileek uste dute Hezurren Osineko fosilen ezaugarriak nahikoa desberdinak direla Homo neanderthalensis-ekiko, eta, beraz, talde (taxon) bereizikoak direla. Hala ere, aitortu dute oraindik ezin dutela erabaki espezie berekoak diren ala ez.
Dena dela, galdera horri eta beste batzuei erantzuteko lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Gómezek aurreratu duenez, “Hezurren Osinean eskeletoko hezur guztiak daude, eta pixkanaka zati anatomiko bakoitzaren ikerketa ari gara egiten”. Ikerketa horien emaitza garrantzitsutzat jo du “neandertalen eboluzioa ulertzeko ez ezik, baita gure leinuan gertatutako aldaketak ezagutzeko ere”.
Horrekin batera, gogorarazi du duela gutxi lortu zutela orain arteko gizaki fosil zaharrenaren DNA; “hortaz, aztarnategi horretatik lortzen ari garen informazioa oraindik ez da agortu”.