Danbolinzulo haitzuloan (Zestoa, Gipuzkoa) aurkitutako horma-irudiek informazio baliotsua eman dute Paleolitoko testuingurua ulertzeko. Besteak beste, bost basahuntz, bi zaldi, eta giza itxurako figura bat identifikatu dituzte. Haiek aztertuta, ondorioztatu dute Magdaleniar aurrekoak direla (duela 20.000-30.000 urte), kantauriar-iberiar estilokoak, eta, beraz, Euskal Herrian ez dagoela lehen uste zuten bezainbesteko hutsunerik arte-mota horretan. Horrez gain, ikerketa lagungarria da ezagutzeko non egiten duten bat arte-tradizio kantauriar-iberiarrak eta frantziar-kontinentalak.
EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Blanca Ochoa Frailek gidatu du ikerketa, eta, azaldu duenez, urte luzez ez dute azaltzerik izan zergatik Euskal Herrian ez zeuden Magdaleniar aurreko horma-irudiak, Kantabrian eta Asturiasen hain ugariak izanik. Azken hamar urteotan egindako ikerketek, ordea, erakutsi dute egon badaudela; hain zuzen, lehendik aurkitutako kobazuloen azterketa zorrotzei eta aurrerapen metodologikoei esker, Paleolitoko artelanak dituzten 17 leku aurkitu dituzte.
Horietako bat da Danbolinzulo. Antxieta arkeologia-taldeak aurkitu zuen 1980an, baina orduan ez ziren konturatu margoak zeudenik. 2014an, ordea, haitzulora itzuli ziren, eta orduan ikusi zituzten. EHUko Mª Jose Iriarte Chiapussok eta Alvaro Arrizabalaga Valbuenak aztertu zituzten lehen aldiz, eta 2015ean hasi ziren lanean Ochoa eta haren ikerketa-taldea.
Aitortu duenez, ezusteko aurkikuntza egin zuten: “Guk 7-8 irudi egongo zirela espero genuen, eta 30 unitate grafiko inguru topatu genituen”. Dioenez, gehienak egoera kaskarrean daude, bereziki 3. panelekoak, kanpoko klimaren eta geologiaren eraginaren ondorioz. Baina ondo bereizten dira irudi batzuk, eta ez dago zalantzarik kantauriar-iberiar estilokoak direla. “Estilo horretako margoak dituen ekialdeen kokatutako kobazuloa da”.
20.000-30.000 urte dituztela kalkulatu dute, baina, Ochoaren arabera, oraingoz ezin izan dute gehiago zehaztu. “Magdaleniar aldiko margoak, Pirinioetatik iparraldera ohikoak direnak, erraz datatzen dira. Batetik, beltzak direlako, eta, beraz, pigmentua bera data daiteke, materia organikoz egina baita. Eta bestetik, arte higigarri gehiago dagoelako. Aldiz, margo gorriak datatzeko uranio-serieen teknika erabiltzen dugu, eta ez da hain zehatza. Horrez gain, ez dago hainbeste arte higigarri”.
Edonola ere, ikerketa oso lagungarria izan da hobeto ulertzeko Pirinioetatik iparralderako lurraldeen eta eremu kantauriarraren eta Iberiar penintsularen arteko lurretan (gaur egun Euskal Herria) orduko gizakiek zituzten ohiturak eta ingurunearekin zuten harremana.
Elhuyarrek garatutako teknologia