CRISPR-en hamar urteko garapena eta etorkizunerako aurreikuspenak, argitara

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

crispr-en-hamar-urteko-garapena-eta-etorkizunerako
CRISPR teknologiak jada hamar urte egin baditu ere, ikertzaileen arabera, oraindik hastapenetan dago. - Arg. Artxibokoa

Science aldizkariak CRISPR edizio genetikoko teknologiari buruzko berrikuspen bat argitaratu du. Teknologia horren garapenean funtsezko rola jokatu duten ikertzaileak dira egileak: Joy Wang eta Jennifer Doudna (azken horrek, 2020ko Kimikako Nobel saria jaso zuen, Emmanuele Charpentierrekin batera, CRISPR teknologiaren garapenean egindako aurrerapenengatik).  Eta, haien arabera, CRISPR teknologia argitaratu zenetik hamar urte igaro direnean, teknologiak dituen aukerak eta haien aplikazioek sakon eragin dute ikerketa biologikoa, hasi gaixotasun genetikoen tratamenduetatik eta nekazaritza-produktuetaraino.

Artikuluan, CRISPR teknologiak berak izandako aurrerapena azaldu dute, eta zenbait aplikaziori jarri diete arreta. Lehena, miaketa genetikoa da. Horren bidez, elkarrekintza genetikoak eta bidezidor biologikoak ezagutu dira. Horrek aukera eman du baseen edizioa egiten hasteko, malgutasun handiarekin.

Edizioaren barruan, nekazaritzan hobekuntzak egin dira, hala nola, gari hexaploidea, non gene beraren hainbat kopia sartu dituzten CRISPR erabilita. Geneak sartu ez ezik, kendu ere egin dituzte; esaterako, erretrobirus endogenoak inaktibatuta dituzten txerriak sortzeko, gizakiei haien organoak transplantatu ahal izateko. 

Saguak ere hainbat gaitzatarako ereduak sortzeko eraldatu dira, CRISPR bitartez. Haietan, pauso bat gehiago ere eman da, eta base-edizioa baliatuta mutazio kaltegarriak zuzentzea lortu da. Horren adibidea da Hutchinson-Gilford progeriaren tratamendua, saguetan, in vivo. Aurreratu dutenez, hurrengo hamarkadarako erronketako bat metodo hori fintzea eta doitzea izango da, gizakietan erabili ahal izateko.

Alde horretatik, argi azaldu dute zer oztopo dituzten oraindik gainditzeko. Oztopo teknikoez gain, badaude beste alderdi batzuk lantzeko; esaterako, kostuak, araudiak eta eskuragarritasuna. Izan ere, ez da nahikoa terapian erabilgarria izatea lortzea; pazienteetan aplikatzeko modua egon behar du. Eta, egungo osasun-azpiegiturak ezin du bere gain hartu kostu hori.

Egileek iragarri dutenez, etorkizunean, aurrera jarraituko dute genomaren edizioaren ikerketak eta aplikazioek; eta beste teknologia batzuen aurrerapenekin batera garatuko da, gainera, hala nola ikasketa automatikoa, zelula bizien irudigintza, eta sekuentziazioa.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.