COVID-19aren txertoa, lortzen bada, etikoki banatu dadin, proposamen bat landu dute nazioarteko etika-adituen talde batek, Osasunaren Mundu Erakundearen babesarekin. Bidezko Lehentasun Eredua deitu diote (Fair Priority Model), eta Science aldizkarian argitaratu dute.
Gizartean zein adituen artean, eztabaidagai izaten ari da nor immunizatu lehenik balizko txertoaren bidez. Bi aukera gailendu dira: OMEk, adibidez, proposatu du herrialdeek duten populazioaren proportzioan jasotzea dosiak. Beste batzuen ustez, berriz, adinekoek eta osasun-langileek lehentasuna izan beharko lukete.
Ereduaren egileen esanean, bi estrategia horiek hutsuneak dituzte: populazioaren araberako banaketak bidezkoa badirudi ere, gaitzak ez du berdin jo leku guztietan; beraz, lehenik okerren dauden lekuetara bideratu beharko litzateke txertoa.
Beharrak ezagutzeko herrialde bakoitzeko populazioaren osasun-egoera eta COVID-19aren eragina neurtzeaz gain, oinarrizko hiru balio aintzat hartzea proposatu dute: pertsonei mesede egin eta kalteak leundu; babesgabeei lehentasuna eman; eta pertsona guztiekiko ardura moral berbera izan.
Horrekin batera, COVID-19aren hiru kalte-mota apaltzeko ahalegina egin beharko litzatekeela adostu dute: heriotza eta kalte iraunkorra organoetan; osasunerako albo-ondorioak, hala nola osasun-sisteman tentsioa eta estresa sortzea; eta hondamendi ekonomikoa.
Eredua ezartzeko arduradunak ere izendatu dituzte: OME, agintari politikoak eta ekoizleak. Gainera, txertoa duen herrialde batek besteei ere noiz eman beharko liokeen ere zehaztu dute: txertaketa bidez erreprodukzio-zenbakia (R0) 1 baino txikiagoa izatea lortutakoan, ez dago arrazoirik txertoa gordetzeko, eta, beraz, beste herrialdeei utzi beharko lieke.
Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) egindako galdeketa baten arabera, biztanleen % 68k hartuko luke txertoa. Txertoari uko egiten dietenen arrazoi nagusiak bi dira: % 32k arinegi garatu dela uste du, eta ez luke hartzen lehena izan nahi; eta % 12,7k albo-ondorioei beldurra die.
>> COVID-19aren txertoari buruzko erreportaje zabala, iraileko aldizkarian: COVID-19aren txertoa: osasunaren burujabetza ala ardura soziala?
Elhuyarrek garatutako teknologia