COVID-19aren kontrako neurriak, mutur batetik bestera

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-19aren-kontrako-neurriak-mutur-batetik-beste
Arg. ECDC

Ipar Euskal Herrian, dagoeneko ez da beharrezkoa maskara janztea barrualdeetan, garraio publikoan, osasun-etxeetan, adinekoen egoitzetan eta antzeko lekuetan izan ezik. Hego Euskal Herrian ere eztabaidagai da noiz kenduko duten maskararen derrigortasuna; hain zuzen, populazio osoari eragiten dieten neurri murriztaileen artean, hori da oraindik indarrean jarraitzen duen bakarrenetakoa. Europako beste lurralde batzuetan ere antzeko erabakiak hartu dituzte azkenaldian, eta, batzuetan, Erresuma Batuan bezala, are urrunago ere joan dira, eta infektatuen kontaktu zuzenek ez dute proba diagnostikorik egin beharrik ezta isolatu beharrik, ez badute sintomarik.

Aditu batzuek, ordea, zuhurtzia eskatu dute. Izan ere, nahiz eta, txertaketari esker, inzidentzia-mailaren eta ospitaleratzeen eta heriotzen arteko erlazioa ez den lehengoa, birusa hain hedatuta egonik, pertsona zaurgarriek arrisku handia dute infektatzeko, prebentzio-neurri guztiak bertan behera utziz gero. Ez litzateke, beraz, bidezkoa izango haiekiko, ezta koherentea ere, ikuspegi epidemiologikotik.

Abraar Karan gaixotasun infekziosoetan doktoreak British Medical Journal-en gogorarazi duenez, ezin ditugu errepikatu pandemian agerian geratu diren lau akats hauek: desberdintasun sozialak kontuan ez hartzea; desinformazioa ez isilaraztea; ebidentzien eta neurrien arteko inkoherentzia; eta aire bidez transmititzen diren patogenoen arriskua murrizteko irtenbideak ez hartzea, hala nola leku itxietako aireztapena hobetzea.

Aldizkari berean, John Middleton Osasun Publikoko Europako erakundeen elkarteko lehendakariak izenburu hau duen iritzi-artikulua idatzi du: “Covidarekin bizi gaitezke, baina horrek ez du esan nahi eragotzi daitezkeen heriotzekin eta minusbaliotasunekin bizi behar dugunik”. Dioenez, infektatutakoentzat, aukerak ezin dute izan lanera joatea ala lanik gabe geratzea. Alegia, neurri sozialak hartu behar dira, gizarte-desberdintasunak ez areagotzeko. Horrez gain, lehen arreta, zerbitzu sozialak, eskolak eta arreta okupazionala indartu behar direla uste du, eta osasun-zaintzaren pribatizaziorantz eman diren pausoetan atzera egin, besteak beste.

Alde handiak zero covid estrategiaren aldeko herrialdeetan

Zero covid estrategiaren alde egin zuten herrialdeetako batzuk orain covidarekin bizi estrategiara igarotzen ari dira. Horien artean daude Hong Kong eta Zeelanda Berria. Bietan pandemia hasi zenetik inoiz izan duten inzidentzia-mailarik altuena dute, baina ondorioak oso desberdinak dira: Hong Kongen heriotzak ere asko hazi badira ere, Zeelanda Berrian jarraitzen dute oso hildakoen ehuneko txikia izaten. Populazio-dentsitateak azaltzen du neurri batean ondorioetan dagoen aldean, Hong Kongeko dentsitatea askoz ere handiagoa baita. 

Baina, adituen esanean, gakoa, batez ere, txertoetan eta txertaketan dago. Batetik, Hong Kongen Txinan garatutako txerto inaktibatuak jarri dituzte, eta omicron aldaerarekiko eraginkortasun txikia dute. Aldiz, Zeelanda Berrian mRNA-txertoak eman dituzte; omicron bidezko infekziotik nola-halako babesa ematen badute ere, oso eraginkorrak dira ospitaleratzeak eta heriotzak eragozteko. Bestetik, Hong Kongen eta Zeelanda Berrian antzeko txertaketa-maila dute, baina adinka ez dute banaketa berdina: Hong Kongen adineko asko txertatu gabe daude (80 urtetik gorako hirutik bik ez dute dosi bakar bat ere); aitzitik, Zeelanda Berrian, adineko ia guztiek bi dosi eta indartze-dosia dute jarrita.

Bestalde, Txinan hasierako prebentzio-neurri zorrotzei eusten diete. Hala, orain, Europako edo beste leku batzutako agerraldiekin alderatuta, toki jakinetan agerraldi txikiak izan dituztenean, konfinamendu eta murrizketa gogorrak ezarri dituzte. Kontuan izatekoa da Txinan 80 urtetik gorako 15 milioi pertsona inguru txertatu gabe daudela.

Edonola ere, osasun-krisia gainditutzat noiz emango duten alde batera utzita, ez da ahaztu behar hau sindemia bat dela, eta, horri guztiari aurre egin ezean, COVID-19aren ondotik beste pandemia batzuk etor daitezkeela, luze gabe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila