COVID-19aren epe luzeko ondorioak ezagutzeko beharraz

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-19aren-epe-luzeko-ondorioak-ezagutzeko-behar
COVID-19aren paziente askok sintomak izaten dituzte luzaroan. Arg. Engin Akyurt

COVID-19ak epe luzeko ondorioak uzten dituela baieztatu du Britainia Handiko Mediku Elkarteak. Hain zuzen, elkarte horrek egindako inkesta batean, hiru medikutik batek adierazi du beren pazienteek luze irauten duten sintomak dituztela, hala nola neke kronikoa, ahulezia, arretari eusteko zailtasunak eta anosmia (usaimen-eza).

Ondorio horiek aintzat hartu eta pazienteak behar bezala artatzeko prestatu behar direla ohartarazi du elkartearen lehendakariak, British Medical Journal (BMJ) aldizkari espezializatuan argitaratutako artikulu batean, elkartearen lehendakariak. Izan ere, haien zaintzak bat egingo du gripearen eta hotzerien sasoiarekin.

Berriki egindako zenbait ikerketek erakusten dute COVID-19aren epe luzeko ondorioak askotarikoak direla eta larriak izan daitezkeela. Esaterako, gaitza gainditu berri zuten pazienteri Alemanian egindako azterketa kardiologiko batean, ikusi zuten % 78k asaldurak zituela bihotzean, eta % 60k miokarditisa (hantura). Paziente gehienak gazteak ziren eta aurrez ez zuten bihotzeko arazorik, eta ondorio horiek ez zuten zerikusirik gaitza zenbateraino izan zen larria ezta bilakaera orokorrarekin ere.

Hain zuzen ere, Nature Medicine aldizkarian argitaratutako azterketa zabal batean, SARS-CoV-2 birusaren hartzaile nagusia, ACE2, biriketan ez ezik, beste ehun ugaritan espresatzen dela azaldu zuten, eta, horren ondorioz, birusak organo askori eragiten diola: giltzurrunak, hesteak, begiak, neuronak, gibela, larruazala… Horrenbestez, patologia konplexua eta askotarikoa da, eta kalteetako batzuk luze iraun dezakete edo kroniko bihur daitezke.

Sintomak luzatzen direnean

Hala, gero eta aditu gehiagok diote COVID-19ak ez dituela bi aldaera soilik; hau da, arina, batzuetan baita asintomatikoa ere, etxean erraz gainditzen denea; eta larria, zeinak ZIU batean tratatzea behar dezakeen. Are gehiago, Nisreen Alwan epidemiologoak galdera hau egin du BMJ aldizkarian: Zer da zehazki COVID-19 arina?

Alwanen esanean, pandemia hildakoetan eta ospitaleratuetan neurtu da, baina, berak bezala, SARS-CoV-2 birusaz infektatu diren askok eta askok etxean igaro dute gaitza, eta oraindik ez dute guztiz gainditu. Baina ez dago horien guztien datu zehatzik. 

Datuen gabeziak zaildu egiten du pandemiari aurre egiteko neurri egokiak hartzeak. Haren ustez, oraindik ere jendeari esaten zaio infekzioak adienekoei eta gaitz kronikoak dituztenei eragiten diela, eta pertsona osasuntsuek ez dutela batere edo ia batere sintomarik. Hori okerra dela dio, eta Herbeheretan egindako ikerketa bat jartzen du adibidetzat. 1.600 pazientek parte hartu zuten, % 91 ez zen ospitaleratu eta % 85ak osasun ona zuen aurretik. Bada, infektatu eta 4 hilabete igaro ondoren, % 88k nekea zuen, % 75ak arnasteko zailtasuna, % 45ak presioa bularrean, % 40k buruko mina, % 36k muskuluetako mina, eta % 32k palpitazioak. Ia erdia ez zen kirola egiteko gai.

Alwanek ezinbestekotzat jotzen du gaitzak izan ditzakeen bilakaerak ezagutzea eta zehaztea noiz ematen den sendatutzat pazientea: proba diagnostikoan negatibo ematea ez da nahikoa, kontuan hartu behar da aurretik egiten zuen bizimodua egiteko gai ote den.

SEMG Espainiako mediku orokorren eta familiakoen elkarteak ere bizi-kalitatearen galera nabarmendu du, epe luzeko ondorioen artean, eta oso bilakaera gorabeheratsua izaten dutela jakinarazi du.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila