COVID-19aren aurkako lau tratamenduren proba globalak sustatu ditu OMEk

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-19aren-aurkako-lau-botikaren-proba-globalak-
Ebolaren aurkako tratamendu bat probatzen, Liberian. Arg. NIAD

Mundu osoko laborategiak erlojuaren kontra ari dira lanean, SARS-CoV-2 birusaren aurkako sendagaiak garatzeko. Denbora aurrezteko, dagoeneko garatuta dauden botiketara jo dute. Botika horiek beste koronabirus batzuek sortutako gaitzak tratatzeko (MERS eta SARS) sortu ziren, edo, beste familia batekoak izanda ere, SARS-CoV-2aren antzeko mekanismo patogenikoak erabiltzen dituzten birusei aurre egiteko. Horietatik guztietatik, OMEk lau aukeratu ditu, itxaropen handiena sortzen dituztenak, maila globalean probatzeko. 

Solidarity deitu dio proiektuari, eta, Europan, Espainiako, Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Herbeheretako gaixoek parte hartuko dute. Helburua: gaixoei sendatzen laguntzeko, eta osasun-langileak babesteko tratamendu eraginkorrak lortzea, ahalik eta epe laburrenean.

Botika horietako bat remdevisirra da. Ebolari aurre egiteko garatu zuten, eta birusak ugaltzeko beharrezko duen entzima bat, RNA-polimerasa, inhibitzean datza. Iaz Kongoko Errepublika Demokratikoan izandako ebola-agerraldian probatu zuten, eta ez zuen emaitza onik eman. Alabaina, laborategian eta animaliekin egindako esperimentuetan frogatu dute eraginkorra dela SARS eta MERS eragiten duten birusen aurka.

AEBn dagoeneko eman diete remdevisirra oso larri zeuden gaixo batzuei, eta badirudi emaitza ona izan dela. Hala ere, banakako kasu horietatik ezin dira ondorioak atera. Horregatik probatuko dute OMEk bideratutako entsegu klinikoetan.

Klorokina eta didroxiklorokina dira probatuko dituzten beste botika batzuk. Zelulek kanpoko materiala barneratzeko erabiltzen duten egitura bat, endosoma, azidifikatzean oinarritzen dira. Dengearen eta chikungunyaren aurka probatu izan dira, baina gizakietan dosi handiegia behar zen. Orain, Txinan, Frantzian eta AEBn COVID-19a tratatzeko probatu dira, eta emaitzak ez daude garbi. Hidroxiklorokinak, esaterako, bihotzean albo-ondorioak eragiten dituela ohartarazi dute.

Ritonavirra eta lopinavirra ere aztertuko dituzte. Bi botika horiek konbinazioa 2000. urtean onartu zen AEBn, GIBaren infekzioak tratatzeko. Lopinavirra GIBaren proteasa inhibitzeko garatu zuten, eta ritonavirrak lopinavirra babesten du, gorputzak azkar suntitzen baitu. MERS eta SARSen birusen aurka egin diren probetan, emaitza nahasiak eman dituzte. COVID-19aren kasuan ere, hasiera batean ez dute ematza onik eman, baina gaixoak oso larri zeudela nabarmendu dute.

Azkenik, konbinazio hori bera probatuko dute, interferon-betarekin batera. Azken horrek hantura kontrolatzen du, eta hiruren batura MERSaren aurka probatzen ari dira Saudi Arabian. 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila